Mende erdiko ibilbidea beteko dau Durangoko Azokeak 2015ean. Horregaitik eta auzolanean eta alkarlanean egindako lorpenakaitik martiaren 19tik 29ra egingo aen Korrikak Durangoko Azokea omenduko dau. Duda barik, lorpenetako bat da Durangoko Azokea. Azokeak ia 50 urteko ibilbidea dauka, 2015ean, 19. Korrika egingo dan urtean, hain zuzen, beteko dau mende erdia.
Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azokea 1965ean egin zan, abenduan ez eze, zemendiaren 1ean be bai, Domu Santu egunez. Sortu barri zan Gerediaga Alkarteak antolatu zituan ekitaldien artean lehenengoetarikoa izan zan berau. Frankismoaren diktadurapean azoka harek helburu nagusi eta argia eukan: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzearen produkzinoa ezagutzera emotea.
Azokea etenbarik hazten eta zabaltzen joan dan ekimena da, apurka-apurka liburu eta diskoez harago, euskal kultur eragileen topagune bihurtu da. Gaur egungo azokea ez da liburuen eta diskoen azokea bakarrik, euskalgintzearen eta euskal kulturearen topagunea da, euskaldunen eta kulturzaleen ezinbesteko hitzordua.
Kontuak kontu, omenaldirako hitzordua gaur, domekea, abenduak 7an, izango da, arratsaldeko 20:30ean, Ahotsenea gunean. Beste hainbaten artean, Asier Amondo Korrika arduradunak eta Durangoko Azokako 8 guneetako ordezkariek parte hartuko dabe eta Korrika 19rako berariaz egindako Gu euskahaldunak gara dokumentala ikusteko aukerea izango da.