Azoka arrakastatsua, bisitariek gora eta salmentek eutsi

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 8a, 00:00

Azokako azkenengo eguna hasi orduko egin dabe 49. edizino honetako balorazinoa antolatzaileek. Azoka arrakastatsua izan dala, izaten dabilela, nabarmendu dau Nerea Mujika Gerediaga alkarteko arduradunak. Gaurko datuen faltan, igazko salmentak mantendu egin dirala adierazo dau. Bisitari kopurua parekatu egin da daborduko, 120.000, beraz aurreko edizinoko kopurua gainditu egingo da gaur.

Gerediaga alkarteko buru Nerea Mujikak, guneetako ordezkari Lutxo Egiak, Euskal Editoreen Elkarteko Olatz Osak eta Musika Industriaren Elkarteko Amets Rodriguezek emon dabe balorazino prentsaurrekoa Areto Nagusian.

Ikasle Egunaren harrerea itzela izan da aurten be, antolakuntzak egindako lana azpimarratu dau Mujikak. Ikasle kopurua bikoiztu egin dogu, adierazo dau. Aurten lehenengoz martxan ipinitako Gogoetearen plazea hausnarketarako egitaraua gogoan daukala, eta urte osoan beharrean segiduteko asmoa erakutsi dau. Autoekoizleen izenean be berba egin dau Gerediagago buruak. Balorazino positiboa egin dabe -esan dau- eta errepetiduteko gogoz dagoz. Aurten estreinau dabe eurentzako berenberegi atondutako erakusmahaia.

Salmentei eutsi egin jakie, eta ekitaldi gehienak bete-bete egon dira, ganeratu dau Mujikak. Halanda be, zer hobetu badagoala onartu dau, izan be, zinema-proiekzino batzuk ez dira nahi besteko kalidadean eskaini, eta sortzaile batzuk minduta dagoz. Parkamena eskatzen deutsiegu, esan dau.

Lutxo Egia Ahotseneako arduradunak ganerako guneen izenean berba egin dau prentsaurrekoan. Sortzaileek Azokea euren lekua dala sentidu dabe, esan dau. 150 ekitaldi inguru antolatu dira guneetan, Szenatokia, Ahotsenea, Kabi@, Sagunganbara, Plateruena, Irudienea eta Azoka TB-n. Sortzaile eta publikoaren arteko hartu-emona nabarmendu dau Egiak, eta horrek badu eragina salmentetan.

Editoreen ordezkari Olatz Osak be balorazino positiboa egin dau, salmentak igazko neurrian dagoz eta. Azokea erakusleiho garrantzitsua da guretzat, gooetagunea be bada, topagunea. Jentearen babesa eskertu nahi dogu, ganeratu dau.

Musika Industriaren Elkarteak be gustura dago 49. edizinoagaz. Samentak mantendu egin dira, eta ez da erraza, % 21eko BEZa izanda, adierazo dau Amets Rodrigezek. Musikari eta diskoetxeentzat Durango ezinbesteko plazea dala autortu dau. Ahotseneak gune bi izatea, bata zuzenekoentzako bakar-bakarrik, oso ondo balorau dabe.

49.a amaitu barik, hurrengoan, 50.ean, pentsetan dabilzala onartu dau Nerea Mujikak. Gerediaga alkarteak be, Azokeak lez, mende erdi beteko dau 2015ean. Ospakizun handia izatea nahiko geunke. Baina guk eten bako hobekuntzea lehenetsi gura dogu.

Osorik irakurri