Salmentekaz gustura, bisitari kopuruagaz pozik, badoa 49. Durangoko Azokea. Lau egunez kulturearen plazea izan dira Landakogunea, eta inguruak. 150 ekitalditik gora eskaini ditue, zortzi guneetan. Arrastiko zortzirak arte, baina, egitarauak ez dauka etenik.
Areto Nagusian, Gogoetearen plazan, 'Kultur tradizinoaren korapiloa'izenburuko mahai-inguruan hartuko dabe parte Jon Sarasuak, Ander Lipusek eta Mari Jose Olaziregik. Azoka TB-k azokearen itxierea zuzenean emongo dau, 19:30etik aurrera.
Saguganbara lehentxuago zarratuko dabe, seirak inguruan. 17:00etan, Maite Frankok Okzitaniako ipuinak kontauko deutsiez ume eta gurasoei, eta 18:00etan, Begoña Gomezek 'Egunik garrantzitsuena' tailerra emongo dau. Plateruenako egitaraua Kometa taldeak itxiko dau, 19:00etan.
Ahotsenearen zuzenekoen karpan, egunotan lez, danetariko musikea entzuteko aukerea izango da: 22M2, Bidelapurrak, ON, D-Pintxos, Voltaia, Kezkak eta Inun. Azkenengo honek, Inunek, ganera 'Berreginez' diskoa berrargitaratu egin dau
Azokarako.Barriketaldien karpeak konbidau ugari izango ditu azkenengo txanpan: Mikel Bizar & Athletic eta Kitto, Joseba Irazoki, Ibon Uribarri, Xipri Arbelbide eta Ana Jaka.
Irudieneak, 17:00etatik aurrera, Kameratoia lehiaketearen sari-banaketea hartuko dau, eta lan irabazleen emonaldia eskainiko dau.
Szenatokiak Txapeldun antzezlanaren estreinaldiagaz amaituko dau eguna. Kepa Junkera trikitilariak eta Organik jantza garaikideko konpainiak sortutako lana da 'Txapeldun'.
Egitaraua oso-osoa ikusi gura izan ezkero, hemen.