XV-XVI. mendeko leihoa agertu da Zeanuriko Ipiñaburuko parrokian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 9a, 00:00

Zalantzak egon badira be, Bizkaiko Eleiz Museoko zuzendariak, Juan Manuel Gonzalez Cembellinek argitu ditu danak: jatorrizko eleizearen aztarnea dogu bentana hau, 1500. urtearen ingurukoa, baliteke Santiago parrokia egin orduko hemen egoan baselizareana izatea.

Holako adierazpenak egin zituan Cembellinek Ipiñaburuko (Zeanuri) Santiago parrokiako abadetxearen zaharbarritze beharretan azaldu zan leihoa aztertu ostean.  Barriztatze behar horreek ezusteko ugari emon ditue, batzuk desatseginak, ikusgarriak besteak. Desatseginen artean, egurrezko egituran agertu dan termitea, abadetxea eta parrokia mehatxupean eukazana. Arazo hori konpontzeko hasi ziran beharrak, termiten kontrako tratamenduagaz. Aldiz, ezuste polita bezain aitagarria, goiko pisuko hormearen luzidoa garbitzerakoan agertu zan antxinako bentanea: leiho txikia da, gotiko estilokoa eta ezkutauta egon da azken urteotan. Luzidoaren barruan gordeta egon da abadetxea eregi zanetik, 1950. urtetik gitxi gora behera. Barrualdetik, parrokiaren aldetik, erretaulak ostontzen  eban.

Leihoa ekialdera begira dago eta Cembellinen esanetan, ekialdetik dator eguzkia, Jesus Salbatzailea da eguzki barria eta haren argia jaso eta eleiza barruan zabaltzen da, horregaitik kanpoko partea —abadetxera emoten dauena— estuagoa da, harlanduz inguratua, eta barrukoa —parrokiara emoten dauena— zabalagoa, eleizearen barrua argi guztigaz beteteko.

Dirudienez, orain dala hogei bat urte, erretaula barriztau zanean, errestauratzaileak ez ziran konturatu bentana honegaz. Equipo 7 erresaturadore enpresako bozeroalearen arabera, zulo bat ikusi genduan, baina erretauleari eusteko zulo bat zala pentsau genduan.

Gaur egun, behin aurkitu eta gero, agirian itxiko da abadetxeko gela batean 500 urte baino gehiago dituan bentanea, jatorrizko eleizearen aztarnea; ingurua zuriz margoztuko da, erratualeagaz bat ez egiteko ohola jarri, eta Ipiñaburuko kofradiaren historiaren lekuko aparta izango da bertan ikusgai.
 

Osorik irakurri