Abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitarten, ume eta familientzako egitarau berezia eskainiko dau Bilboko Guggenheim museoak, besteak beste, musikea, jantzea, antzerkia eta jolasak.
Hiru eta hamabi urte arteko umeek Arrastoen jolasa! izenekoan parte hartzeko aukerea eukiko dabe Gabonetan. Ikusgai dagozan artelanen artean ibili eta proponidutako misterioak ebatzi beharko ditue, azaltzen dabe ekimenaren arduradunek, prentsa-ohar bidez. Misterioak argitu ezkero, oparia jasoko dabe parte-hartzaileek.
Artearen Izkina-n 2-8 urte bitarteko umeek Gabonetako apaingarriak egingo ditue, eta batzuk, ganera, jangarriak. Txoko hau zabalik egongo da abenduaren 20, 21, 26, 27, 28 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 11:00etatik 17:00etara.
Abenduaren 26an, lau urtetik gorako umeei, Engruna Teatre konpainiaren Posta kodea 00 emonaldian, urte berria eskuz idatziz zoriontzeko, eta eskutitza postontzi bidaiari batean ixteko proposamena egingo jakie. Saio bi egingo dira, bata, 12:30ean, euskeraz, eta beste, 18:00etan, gaztelaniaz.
Helduentzako eskaintzea be izango da. La Intrusa konpainiak The Best of You lana taularatuko dau, Entzungelan, abenduaren 27an, 19:00etan. Hurrengo egunean, abenduaren 28an, 18:00etan, rock Gabon kantez beteko da Museoko Entzungelea. Rock’n’kids Band taldeak energia askoko kontzertu bat emongo dau.
Beste urte batzuetan lez, Museoko Lagunen seme-alabek Gabonak eraldatu tailer berezian parte hartzeko aukerea eukiko dabe; euskeraz, abenduaren 26an eta 30ean eta urtarrilaren 3an, eta gaztelaniaz, abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an. Ganera, abenduaren 20tik aurrera, Museoko hezkuntza gunean Gabonetako posta-txartelen erakusketea izango da. Txartelok azkenengo zortzi urteotan Gurutzetako ospitalean egondako umeek egindakoak dira, hain zuzen be, Sortu eta sendatu! sormen-tailerrean egin zituenak.
Amaitzeko, abenduaren 24an eta 31n, 10:30etik 16:30era, eta urtarrilaren 5ean, 10:30etik 19:30era, Yoko Onoren Nahien zugatza lanean esku hartzeko aukera izango da.
Gabonetako agendea, banan-banan
- Arrastoen jokoa!. Abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra. 3–12 urte
- Artearen Izkina. Abenduaren 20, 21, 26, 27, 28 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 11:00–17:00. 2–8 urte
- Posta kodea 00, Engruna Teatre. Abenduaren 26an, 12:30ean, euskraz, eta 18:00ean, gaztelaniaz. 4 urtetik aurrera
- The Best of You, La Intrusa. Abenduaren 27an, 19:00ean. 18 urtetik gorakoentzat
- Rock’n’kids Band. Abenduaren 28an, 18:00etan. 3 urtetik aurrera
- Gabonak eraldatu tailerra. Abenduaren 6 eta 30ean, eta urtarrilaren 3an, euskaraz, eta abenduaren 27an eta urtarrilaren 2an, gaztelaniaz. 3–5 urte (11:00 eta 17:00) eta 6–10 urte (17:00).
- Gabonetako posta txartelen erakusketea. Abenduaren 20tik aurrera.
- Nahien zuhaitza. Abenduaren 24a eta 31a