Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2015. urtean euskerea sustatzeko eta bultzatzeko emongo dituan laguntzak onetsi ditu, lurraldean euskerearen sustapenean lan egiten daben enpresa eta erakundeei zuzenduta, eta danetara, 3.451.200 euro banatuko ditu diru-laguntzinoetan. Danetara bost dekretu izango dira, eta Bizkaian euskerea sustatzen daben enpresek, erakundeek, personek, udalek eta mankomunidadeek laguntzinoa jasoteko aukerea izango dabe.
Foru erakundeko arduradunek iragarri dabenez, 2015eko ekitaldian osorik euskeraz argitaratzen diran aldizkarientzako 450.000 euro erabiliko ditu Bizkaiko Aldundiak. Era berean, euskeraz egiten diran materialak sustatzeko edo horreen bideragarritasuna errazteko ekimenak edo ekintza egitarauak -batez be umeentzat eta gazteentzat- egiten dituen persona eta enpresentzako be laguntzinoak izango dira. Horreen barruan dagoz, besteak beste, euskerazko bideoak, bideo jokoak, jostailuak, jostailu didaktikoak eta antzekoak eta softwarea eta abar zabaltzeko egitarauak.
Laguntza honen hartzaileak izan daitekez helburu moduan euskerazko irakurtzaletasuna sustatzea daben egitarauak eta biztanle immigranteen hizkuntza gaitasunerakoak. Azkenik, umeen eta gazteen hizkuntza gaitasuna finkatzeko; trebatzaileen hizkuntzea prestatzeko; materialaren sorkuntzea; tokiko aldizkariak; euskereagaz, hizkuntzearen historiagaz edo edozein alderditan bere garapenean garrantzitsuak izan diran protagonistakaz zerikusia daben efemerideen ospakizunak egiten dituen persona eta enpresek be jaso ahalko ditue laguntza horreek.
Atal horren barruan sartuko litzatekez tokiko euskerearen ondarea (hau da, besteak beste abestiak, bertsoak, euskalkiak) gizarte erabilerarako batzeko, jagoteko eta leheneratzeko diran ekimenak. 2015ean, eskura dagoan aurrekontu saila 1.420.000 eurokoa da.
Bestalde, euskerearen erabilerearen sustapen planetarako diru-laguntzinoen onuradunak izango dira 2015ean euskerearen erabilerea sustatzeko planak egiten dituen Bizkaiko merkataritzako soziedadeak, soziedade kooperatiboak, persona enpresario indibidualak eta profesionalak. Deialdi honetako diru-laguntzen emakidarako 2015 aurrekontua 224.000 eurokoa da.
IKT
2015eko ekitaldian zehar Informazinoaren eta Komunikazinoren Teknologien (IKT) arloan euskerearen presentzia sustatzeko produktuak egiten dituen Bizkaiko merkataritzako soziedadeek, soziedade kooperatiboek, enpresarioek eta profesionalek be eskatu leikiez diru-laguntzinoak.
Laguntzinoaren helburua izango dira IKTen arloan euskerearen presentzia sustatzen lagunduko daben proiektuak, adibidez, euskeraz euskal ondare kulturalari buruzko informazinoa digitalizetea eta zabaltzea; euskerazko multimedia eduki barrien sorkuntzea, bai euskarri fisiko baten argitaratzekoak (CD, DVD), zein eduki horreek zabaltzeko berariaz sortutako webetan argitaratzekoak; helburutzat euskerazko webak sortzea daben proiektuak, horreen artean web partaidetzea eta komunikazinorako edukien sorkuntzea; eta komunidade birtualen sustapena eta helburutzat 2015. urtea baino arinago sortutako webguneei eduki eta zerbitzu barriak zuzkitzea dabenak.
Laguntza horreetara heldu daitekez, besteak beste, aisialdi eta entretenimendurako produktuak, ordenagailu edo eragingailu mobikorretarako euskerazko bideo jokoak edo jokoak, eta ordenagailu edo eragingailu mobikor baten erabiltekoak izan ez arren, euskeraz garatutako softwarea beharko daben jokoak eta jostailuak. 2015eann jarduketa horreetan laguntzeko eskuragarri dagoan zenbatekoa 157.200 euro izango da.
Bizkaiko Aldudiko Gobernu Kontseiluak onetsi dauen beste dekretu bat euskerea sustatzeko eta zabaltzeko programak eta jarduketak antolatzen dituen udal eta mankomunidadeentzako diru-laguntzinoei buruzkoa da. Laguntza horreen hartzaileak izan daitekez toki mailako alkarte, mobimentu kultural eta kirol mobimentuetan, aisialdi eta astialdikoetan euskerearen erabilerea sustatzeko egitarauak eta jarduketak, ahal bada umeen eta gazteen arloetan, berariazko eragina dabenak.
Multzo horren barruan sartzen dira hizkuntzearen sustapenerako estrategikoak diran toki mailako herritarren taldeetan euskerearen erabilerea bultzatzeko ekimenak, edo berariazko eragina lortu nahi dan sektore jakin baten hori lortzen dabenak.
Gainera, kasuan kasuko toki esparruko herritarren artean teknologia barrietan euskerearen erabilerea errazten daben ekimenak eta, besteak beste, biztanle emigranteen hizkuntza gaitasuna hobetzeko balio dabenak be izan daitekez laguntzen hartzaile. Euskerea sustatzeko ekitaldiak antolatzeko udal eta mankomunidadeakaz lankidetzan jarduteko inbertiduko dan aurrekontu sailaren kopurua 1.200.000 euro da.