UEUk 150 ikerlari batuko ditu IkerGazte biltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 11a, 00:00

Udako Euskal Unibersidadea IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskeraz biltzarra aurkeztu dau. Proiektuaren helburua ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna nabarmendu, euren arteko ezagutza sustatu eta euskerazko zientzia produkzinoa zabaltzea da. 150 ikerlari batzeko asmoa daukie Durangoko Landako gunean, 2015eko maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Ekarpenak bialtzeko epea zabalik dago.

Aurkezpenean, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria, Miren Josu Omaetxebarria ikertzaile eta biltzarraren arduraduna, Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzailea eta Estitxu Garai Euskal Herriko Unibersitateko (EHU) ikertzailea izan dira.

Programa akademikoari jagokonez, Ikergazte biltzarraren egitarauan lau saio mueta egongo dira: berbaldi orokorrak, ahozko komunikazinoak, posterrak eta tailerrak. Berbaldi orokorrak parte-hartzaile guztien interesekoak izango dira, ikerketeari orokorrean edo euskerazko ikerketari eta baliabide orokorrei lotutakoak, azaldu dabe ekimenaren arduradunek.

Ahozko aurkezpenak eta posterrak ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (amaituta dagozanak, edo bidean), amaitutako proiektuak (emoitza zehatzak dituenak) eta ondorengo ikerkuntzan landutako proiektuak (doktoradutzea lortu osteko ikerkuntza) aurkeztuko dira. Ez dira testu edo aurkezpen oso espezializauak eskatuko, eta bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programauko diranak. Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabagiko dabe.

Miren Josu Omaetxebarria biltzarrareko arduradunak azaldu dau tesia amaitzear edo amaitu barri daben ikertzaileek ekarpenak aurkezteko epea zabalik dagoala, 2015eko zezeilaren 16ra arte. Aukeratutako artikuluak ISBNa izango dauen argitalpen digital batean agertuko dira eta, Euskal Herriko hainbat argitaletxegaz lankidetzan, batzuen bersino hedatuak aldizkari espezializauetan argitaratzeko aukera be egongo da.

Lanak jarraian ondoko ikerketa gai nagusien ganekoak izango dira: Giza Zientziak (Historia, Hizkuntzalaritzea, Filosofia, Artea, Antropologia); Gizarte Zientziak (Ekonomia, Enpresea, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritzea, Komunikazinoa, Pedagogia, Psikologia); Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak (Fisikea, Kimikea, Geologia, Matematikea, Biologia); Injinerutzea eta Arkitekturea (Industria-Injinerutzea, Telekomunikazinoak, Informatikea, Arkitekturea); eta Osasuna (Medikuntzea, Erizaintzea, Farmazia).

Artikuluak euskeraz idatzi behar dira, eta egitura zehatza bete beharko dabe: sarrerea / momentuko egoerea; ikerketearen helburuak; ikerketaren muina eta ondorioak; etorkizunerako planteautako norabidea; eta erreferentziak. Artikuluaren bialketea www.ueu.eus/ikergazte webgunearen bidez egingo da.

Iñaki Alegriak UEUrentzat Ikergazte biltzarrak dauen garrantzia azpimarratu dau, eta hasieratik erakundearen helburu garrantzitsuenetako bat euskal komunidade zientifiko intelektuala trinkotzea izan dala nabarmendu dau. Alkarren barri izatea ezinbestekoa da ezagutzeak aurrera egiteko, gehiago gure kasuan, euskeraz lanean gabilzan ikerlariak hain sakabanatuta egonda.

Bestalde, Olatz Perez de Viñaspre ikertzaileak Ikergazte terminoaren esanahia eta biltzarraren helburuak azaldu ditu. Ikergaztek ikerketa ibilbide gaztea adierazo nahi dauela esan dau. Estitxu Garai ikertzaileak biltzarrak ikerketa munduan hasibarriak diranentzat dauen garrantzia azpimarratu dau, eta Euskal Herriko ikerlarien komunidadea saretzeko abiapuntu bikaina izango dala azpimarratu dau.
 

Osorik irakurri