'Eztabaidak literatureagaz' ekimenak Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleak alkartuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 11a, 00:00

Jentaurreko barriketaldien bitartez literaturako zenbait gai herritarrei eskaintzeko helburua dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literatureagaz ekimenaren barruan, Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleak, euskal literaturea eta, batez be, euskeraz idatzitako literaturea, norantz doan argitzen ahaleginduko dira datorren martitzenean, abenduaren 16an, Euskal Literaturea nora zoaz? izenburupean. Urteko azken topaketa hori euskeraz izango da oso-osorik.

Eztabaidak martitzenetan izaten dira, hilero, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta espezializautako kazetari batek egiten ditu ekitaldiaren aurkezpen eta gidari lanak. Oraingoan Juanra Madariaga idazle, kazetari eta Nontzeberri euskerazko kultur atariko arduradunak gidatuko dau topaketea. Moderatzaileak, krisi ekonomikoak kulturan eta literaturearen sorkuntzan izan dauen eraginari, euskeraz egiten dan literatureari aurreikusten deutsien etorkizunari, Euskal Herritik kanpo bide barriak zabaltzeko aukerarik ete dagoan, edo euskeraz egindako testuak merkaturatzeko dagozan zailtasunei buruz galdetuko deutse konbidatuei.

Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) Euskal Filologian Lizentziau zan, eta bere lan gehiena umeei eta gazteei zuzenduta egon da. Hainbat sari irabazi ditu, Xabier Lizardi (1991), Baporea (1993), Antonio Mª Labaien (1997), Euskadi Saria (1997), edo Ignacio Aldecoa (2002). Horrezaz gan, nagusientzako bost narrazino lan be idatzi ditu: Jesus, Marie ta Joxe (Erein, 1989), Gabrielle (Erein, 1991), Jeans-ak hozkailuan, Barrikadak. Vigo-Hendaia espresa eta Txantxa.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) poeteari jagokonez, Irakaskuntzan diplomaduna eta Euskal Filologian lizentziaduna da. Sari asko irabazi ditu, 1997an Imajina ezazu Euskadi lehiaketan Ohar orokorrak lanari esker irabazi ebana, besteak beste. Bertan argitaratutako poemetako hainbat, bere lan handienaren oinarri lez erabili zituan egileak: Azalaren kodea (Susa, 2000; El código de la piel, Bassarai, 2002). Lan horrek Kritikearen Saria irabazi eban 2001ean. Ondoren, Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001) lanagaz umeei eta gazteei zuzendutako literatura modalidadean Euskadi Saria irabazi ostean, ume eta gazte literaturan lanean jarraitu dau.


Zortzigarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
 

Osorik irakurri