Sabino Arana Fundazinoak mintegi bi antolatu ditu euskerearen inguruan. Zezeilean, Europar Batasuneko hizkuntza gitxituak babesteko Alfonsi txostenaz jardun ziran eta, gaur, euskalkien eta euskera batuaren arteko hartu-emonak aztertu ditue. Euskerearen inguruko lana biribiltzeko, Sabino Arana Fundazinoaren pentsamendu aldizkariak, Hermesek, ale monografikoa argitaratu dau.
Zenbaki monografikoaren ardatza hizkuntzak dira, euren aniztasuna, alkarbizitzea eta abar, azaldu dau Juan Mari Atutxa Sabino Aranako presidenteak. Hainbat artikulu batu ditue: François Alfonsi, Izaskun Bilbao eta Andres Urrutiarenak, besteak beste. Gogoetearen emoitzea da, adierazo dau Atutxak. Euskerearen inguruko mintegi bi eta Hermes aldizkariaren zenbaki monografiko bat egitea, fundazinoaren printzipioakaz bat datorrela dino Atutxak: Gure helburua da, euskal gizartearen kezkak aztertzea eta euskerea dago tartean. Euskal nortasunaren katea eten ez daiten, hizkuntzea jagotea ezinbestekoa dala uste dau, euskereak emoten deutsoz herri honi izena eta izana.
Euskereak Europar Batasunean bete behar leukeen lekua luze eta zabal jorratu dabe Hermesen. Hizkuntza hegemonikoen artean, euskerea zelan indartu da erronkea, Atutxaren ustez. Zezeileko mintegian, Europan egin diran aurrerapenak aztertu zituen eta Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleak, Alfonsi txostenak ekarritako onurea gogoratu eragin dau gaur barriro: Hizkuntza gitxituak babestu behar zirala jasoten da hor baina, ganera, baliabideak emon behar jakozala lan horri, horixe da ekarpen nagusia. Hizkuntza gitxituen aldeko proposamenak babes zabala izan eban Europako Parlamentuan. Gai horretan sakontzen jarraitzeko, parlamentuko joera politikoen arteko taldea osotuteko ahaleginean dabilzala azaldu dau Bilbaok.
Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordeak be idatzi dau Hermesen. Baztarrika ez dago oso baikor, baina. Europan, hizkuntza gitxituen auzian, geldialdia dago eta hizkuntza txikientzat, geldialdiak atzera egitea dakar. Momentu arriskutsutzat jo dau Baztarrikak eta Alfonsi txostena abiapuntua dala, ez helburua, nabarmendu dau. Europari eskatu behar jako diskurso barria eregiteko, Europa barria ez da ekonomia bakarrik, hizkuntza aniztasuna be bada, estadu-hizkuntzetatik harago doana. Euskerea lako hizkuntza batzuk, estaduen babes barik, Europako estadu-hizkuntza batzuk baino aurrerago dabilela alor batzuetan, azpimarratu dau sailburuordeak, errealidade horri lepoa emonda, Europak bere buruaren kontra egingo dau.
Europari bakarrik ez, Euskal Herriaren barruko kontuei be begiratzen deutsie Sabino Arana Fundazinoan. Horregaitik, gaurko mintegian, euskalkien eta euskera batuaren arteko hartu-emonak aztertu ditue, hainbat adituren eskutik eta Labayru Ikastegiagaz alkarlanean. Alkarreragin positiboa dago euskalkien eta batuaren artean, aniztasuna beti da aberasgarria, adierazo dau Juan Mari Atutxak. Adolfo Arejita Labayruko zuzendariak azaldu dau, mintegi hau, batez be, Bizkaiko ikuspegitik eginda dagoala, Bilbon batu gara eta Mendebaldeko ikuspegia hartu dogu, baina euskalkien ganeko kezkak antzekoak izango dira lurralde osoan. Euskera batuaren mamina, euskalkien hazurdurearen ganean eregi behar dala uste dau Arejitak, gure inguruko aldaerak, esamoldeak euskera batuaren eredura eroatea da danon ahalegina.
Kontuak kontu, Hermes aldizkariaren 48. zenbakia berezia da, euskerea dalako ardatz nagusia. Juan Mari Atutxak nabarmendu dau, hizkuntza aniztasunaren gaia lantzen jarraitzeko asmoa daukiela, mintegi gehiago egingo doguz. Era berean, gaur mahaiaren bueltan batu diranek, alkarlanaren garrantzia azpimarratu dabe. Mintegiak antolatzen lagundu dau Euskaltzaindiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dau, eurak prest dagozala alkarlanaren bidean aurrera egiteko.