Euskera agerkariaren zenbaki barriak aurkeztu barri ditu Euskaltzaindiak, Baionan, Akademiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan. Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da, 1920an sortu zan eta azken urteotan ahalegin berezia egin da, garai barrietara egokitzeko. Xarles Videgainen esanetan, egindako indarrak fruitu ekarri dau.
Videgainek zehaztu dauenez, Euskera agerkaria azken urte honeetan barriztau egin dogu, munduan gaindi obratzen diran beste agerkarien artean bere maila ezagutua izan daiten, egiten diren ebaluaketen iragazkietatik iganik. Euskera agerkaria papelean ez eze web sarean be agertzen da eta B maila -ez baita gitxi- lortu dau CRIC izeneko ebaluaketan. Euskaltzaindiaren buruordeagaz batera, Jean-Baptiste Battittu Coyos Jagon sailburuak egin dau aurkezpena.
Kontuak kontu, zenbaki bi argitaratu dira 2014an: batean 2013. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa batu dira, eta bestean, barriz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jaso dira. Holan, bada, liburuki bi honeek aurkeztu dira: Euskera 2013, 58-1 eta Euskera 2013, 58-2.
Euskera 2013, 58-1 liburuan Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa jaso da. Besteren artean, honako gaiak agiri dira: Iruñean Euskara Nafarroatik izenburupean egin ziran Jagon Jardunaldiak, Zarautzen egin zan Basarriren omenezko jardunaldia edota urte horren Osoko bilkuretako aktak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren eta Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainburuaren omenez irakurri ziran hilbarri-txostenak be jaso dira liburukian. Beñat Oihartzabalek eta Xabier Altzibarrek, hurranez hurran, egin zituen hilbarri txosten horreek.
Ingalaterrako Birminghameko Unibersidadean, Larry Trask ohorezko euskaltzain zanaren omenez, Nicholas Gardner Euskaltzaindiaren Historia Soziala egitasmoko kideak emon eban berbaldia be argitaratu da zenbaki honetan.
Literaturea nagusi, ikerketa zenbakian
Euskera 2013, 58-2 liburuak ikerketa-lanak jasoten ditu, literaturea hartzen dau gehienik gaitzat. Gai nagusiak ondokoak dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zan jardunaldia eta Euskal Literaturearen Historiografiari buruzko II. Jardunaldia. Videgainek gogoan izan dauenez, Ana Maria Toledo, Lourdes Otaegi, Jon Casenave, K. Josu Bijuesca eta Joseba Gabilondoren eskutik datoz artikuluak. Lan horreek -esan dau- pisu handikoak dira batzordea lanean baitabil euskal literaturearen antologia argitaratu guran. Asmo horrek nahitaez denporea, historia, kronologia, hau da, diakronia hartu behar dau kontuan. Idazlanak zelan sailkatu daitekezan periodizazino baten arabera proponiduten dabe artikulu horreetan.
Horrezaz gan, bestelako ikerketa lanak be jaso dira zenbaki horretan: Intertestualidadea abiaburu: Haranburu Materreren harrobian, Patxi Salaberri Muñoarena; Literatura Unibersala bildumako hitzaurreen azterketea, Miren Ibarluzearena; Modernismoaren zantzuak Antonio Arrutiren poesian, Alexander Gurrutxagarena; Genero eta sexuaren berridazketa: Itxaro Borda eta polizia eleberrien kasua, Gema Lasarterena; Sobre el topónimo Guillarte (Gillarte), Felix Mugurutzarena; eta Estudio lingüístico-histórico del nombre Berantevilla, Roberto González de Viñasprerena.
Beste bi artikulu batu dira liburuki honetan: batetik, Hommage a Jon Mirande (1925-1972). Jaime Christian Miranderen ilobak Mauleko herriko Etxean esan zituan hitzak -guziz hunkigarriak dira berak eskaini lekukotasuna-, Euskaltzaindiak eta Herriko Etxeak berak antolatutako ekitaldian; eta bestetik, Teatrogileek teatroaz. Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus, Jaime Valverdek idatzita. Euskaltzaindiaren bururordearen aburuz, oso galdera interesgarriak eta erantzunak interesgarriagoak batzen ditu azken artikulu horrek.
Euskera 2013, 58, 1 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.
Euskera 2013, 58, 2 liburukia eskuratzeko sakatu hemen.