Arte sorkuntzea prekarioan gaia aztergai EHUko Arte Ederretako Akme jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 15a, 00:00

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeak Akme jardunaldien seigarren edizinoa egingo dau martitzenetik eguenera bitartean, Gradu Aretoan (Leioako campusa), No cost. Edizino eskasa da izenburupean. Proiektu artistikoak krisi garaian aurrekontu txikiakaz eta orain prekariedadean egitera behartuta dagozan artistak izango dira jardunaldietan ardatz eta protagonista.

Antolakuntzeak jakinarazo dauenez, Akme 2014 No Cost. Edizio eskasa da jardunaldietan, lau berbaldi, tailer bi, proiekzino bat eta aurkezpen bat izango dira. Ernesto Castro filosofo eta arte kritikaria, Daniela Ortiz susperraldian dagoan artistea, Ana García Alarcón ikertzaile, komisario eta arte kritikaria eta kultur arloko langileentzat baldintza duinak bilatu eta praktika txarrak salatzen dituan InsultARTe taldea hizlari izango dira.

Era berean, tailer bi eskainiko dira: Lapurtutako indarra, Miriam Isasik emongo dauena, eta Operación Titanic, Dooroom eta Akme Team kolektiboen eskutik. Gainera, Aurrekontua 5€ proiektua be aurkeztuko da, Cabello/Carceller eta Txusporen babesagaz. Aurkezpen horretan, gehienez bost euroko aurrekontuagaz proiektu artistikoak sortzeko egin zan deialdiaren emoitzak erakutsiko dira. Aurkezpen hau eguenean, abenduaren 18an, egingo da, 19:30ean, Consonni produkzino etxean, Bilbon.

Aurreko edizinoetan lez, Akme 2014 honetan be ikasleek jardunaldietan parte-hartzea be helburuetako bat da. Hori dala eta, ekitaldia antolatzearen prozesu osoa ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek osotutako talde baten esku egon da. Izan be, talde horrek Akme 2014 eratu dau eta berbaldiak, tailerrak eta aurkezpenak proponidu ditu.

Akme jardunaldiak bi urtean behin antolatzen dira. Lehenengo edizinoan, 2004an, objektuetan oinarritzen ez dan sorkuntzea izan zan protagonista; 2006an, ohikoak ez diran produkzinoak eta banaketak izan ziran ardatz nagusia; 2008an, barriz, Zabor-Kulturea abiapuntutzat hartu eben jardunaldiotan; 2010ean, esparru publikoaren kudeaketea eta esku-hartzeen gaia jorratu zituen; azkenik, 2012an, aurrekontu murritzak izan arren emoitza handiak lortzen dituen artisten lana erakutsi zan.

Osorik irakurri