Urteak daroaz Yolanda Arrieta idazle etxebarritarrak Bizenta Mogel idazlearen lana eta bizia ikertzen. Orain, haren bizitzea abiapuntu dauen nobelea plazaratu dau, errealidadea eta fikzinoa lotuz, Argiaren alaba. Arrietak berak argitaratu dau. Markinako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Nekatoenea Artisten Etxearen laguntzinoagaz idatzi eban liburua.
Hamazazpi urte besterik ez zituala hasi zan idazten Bizenta Mogel, eta adin horretakoa da nobelako protagonistea be, jatorri euskalduneko Mirari neskato amerikarra. Mirarik hamazazpi urte ditu, ama euskalduna da, eta aita, amerikarra.
Ameriketako Estadu Batuetan bizi arren, ama eta izeko Amaia jatorri euskalduna jagoten ahalegindu dira, eta horregatik ederto egiten dau euskeraz. Etxean beretzat antolatutako planei aurrea hartuz, izeko Amaiagaz emongo dau 2013ko udea, aitita-amamen lurraldean. Modu bitxi batean izango da -azaltzen dau egileak- denporan salto eginez, mende bi eta lauren aurretik, bertan hazitako neska idazle baten bizimoduan murgildu ahala, datuak fikzino bihurtzen.
Bizenta Mogelen inguruan beharrean segiduten dau Arrietak. Hain zuzen be, urtarrilaren 17an, Bizenta Mogel: andre argi baten ikurrra berbaldi-tailerra emongo dau Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, eta 20an, Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegian.
Bizenta Mogel Azkoitian jaio zan, 1782an. Aita medikua zan bertan. Bizentak urte bi eukazala hil jakien aita, eta ama eta neba-arrebakaz batera Markinara joan zan, osabearengana, Juan Antonio Mogelenera. Hogeita bi urtegaz kaleratu eban Ipui onac alegia liburua.