Internet bidezko eskola jazarpena ebitau eta murrizteko programa bat sortu dau EHUko talde batek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 17a, 00:00

Maite Garaigordobil Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Ebaluazino Psikologikoko katedradunak zuzendutako taldeak Internet bidezko eskola jazarpena ebitetako eta murrizteko programa bat sortu dau: Cyberprogram 2.0. Taldeak hainbat urte emon ditu ikasgeletan lan egiten, gero eta larriagoa dan arazo hori ebaluau eta aztertzeko, eta ikerketa horren ondorioz esku hartzeko programea sortu dau.

Programa hori aurreko ikasturtean ezarri zan Gipuzkoako hiru ikastetxetan, eta danetara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek parte hartu eben, EHUko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.

Lagin osotik 93 parte-hartzaile bost talde esperimentaletan banatu eta beste 83k lau kontrol talde osotu zituen. Ebaluazino esperimentalean lortutako emoitzek egiaztatu dabe Cyberprogram 2.0 tresna eraginkorra dala bardinkideen arteko edozein muetako indarkeria ebitau eta murrizteko.

Holan, esperientzia gauzatu ez daben nerabeen aldean, egiaztatu da hori egin dabenen artean bai aurrez aurreko bai Internet bidezko eskola jazarpeneko erasotzaileen ehunekoa txikitu dala eta jokabide sozial positiboak, enpatia edo autoestimua handitu dirala.

Programa horren bidez, neurri handian landu doguz  biktimakanako enpatiaren gaia eta behatzaileek egoera horreek salatzeko daukien gaitasuna. Bardinkideen arteko edozein muetako indarkeria ikusten dauen personea mobiduarazoten saiatzen gara, isilik gera ez daiten eta egoerea salatu daian, helduok jardun ahal izateko. Horreekaz lan egiten dogu, salatzen dauena, txibatoa barik, ikaskide solidarioa dala konturatu daitezan. Baina asko bildur dira, eta isildu egiten dira, azaldu dau Maite Garaigordobilek.

Programea Garaigordobil irakaslearen taldeak bi ikasturtetan (2011-2013) egindako azterlanean oinarritzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetan zein pribatuetan DBH eta Batxilergoa egiten zituen 12 eta 18 urte arteko 3.026 ikaslek parte hartu eben.

Ikerketeak aurrez aurreko lau jazarpen mueta (fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa) eta Internet bidezko eskola jazarpeneko 15 jokabide (pasahitza ostutea, beste baten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak) ebaluetan zituan.

Lortutako datuek adierazoten dabe azken urtean gazteen % 83,7k eskola jazarpeneko egoeretan esku hartu dabela: horreetatik % 39,2 biktimak ziran, % 38,4 erasotzaileak eta % 79,5 behatzaileak. Era berean, ikerketeak erakutsi dau hiru biktimako bi erasotzaileak zirala. Internet bidezko eskola jazarpenari jagokonez, azterlanak dakarrenez gazteen % 69,8k Internet bidezko eskola jazarpeneko egoeretan zeozelan esku hartzen dabe: % 30,3 biktimak, % 15,5 erasotzaileak eta % 65,1 behatzaileak. Era berean, egiaztatu da hiru biktimako bat erasotzailea zala.

Gizarteak ez deutse erantzun egokia emoten egoera horreei. Kasu bat atzemoten danean, askotan biktimak dira ikastetxetik alde egin behar dabenak, ez baita lortzen arazoa konpontzea. Eskola jazarpeneko eta eskola jazarpenaren kontrako protokolo eta prozedura asko dagoz, baina, egia esan, ez da lortzen indarkeriazko jarrerak gitxitzea, ezta behatzaileek salatzea be, azaldu dau.


Danak galtzaile

Mezu bat helarazo deutse erasotzaileen eta behatzaileen gurasoei: Beren seme-alabek be ondorio negatiboak jasoten ditue, egoera horreetan parte hartzea oso kaltegarria baita nortasuna garatzeko. Danak dira galtzaile.

Kasu horreetan, funtsezkoa da familiaren eta eskolearen arteko lankidetzea. Ikasgeletan prebentzinoa garrantzitsua bada be, familia funtsezkoa dala azpimarratu dau, giza garapenean lehen mailako sozializazino eremu garrantzitsuena baita. Erasotzaile baten gurasoek biktimeari eragindako kaltea konpontzen lagundu behar deutsie, eta ez dabe esan behar jokabide desegoki hori umeen kontuak diranik. Azterlan honetan egiaztatu dogu seme-alabakazko afektibidade, maitasun eta konpromiso handien eta arrazoizko zigor, diziplina eta hertsaduraren nahasketa heziketa eredu egokiena dala; izan be, erasotzaile gazteen familietan maitasun, afektibidade eta seme-alaben biziteagazko konpromiso urriak eta batzuetan zigor asko dagozala ikusi dogu, gaineratu dau.

Osorik irakurri