Joan Marti i Castell ohorezko euskaltzainak Euskaltzaindiaren ikurra eta diplomea jasoko ditu gaur, 12:30ean, Donostiako Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Lehenago, 10:00etan, Osoko bilkurea egingo dau Euskaltzaindiak.
2014ko maiatzaren 30ean, Euskaltzaindiak Donostian egin eban osoko bilkuran, 12 ohorezko euskaltzain barri izentau zituan: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Marti, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.
Danek jaso eben diplomea garagarrilaren 18an, Bilbon eginiko ekitaldian, Joan Martik izan ezik. Orduan ez eban joaterik izan, horregaitik jasoko dau gaur diplomea. Institut d'Estudis Catalans-i buruzko berbaldia emongo dau Martik ekitaldi honetan.
Joan Marti Tarragonan (Katalunia) jaio zan, 1945ean. Bartzelonako Unibersidadeko eta Erromako La Sapienzako Unibersidadeko doktorea da. Hizkuntzalaritza Diakronikoan, Hizkuntzen Historia Sozialean eta Soziolinguistikan eta Lexikografian aditua da.
Tarragonako Rovira i Virgili Unibersidadearen sortzaile da, eta bertako lehen errektorea izan zan, eta baita Filologia Katalanaren saileko zuzendaria be. Institut d'Estudis Catalans-eko kide osoa da, eta 2002tik 2010era Secció Filologica-ko burua izan zan. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzaren historia, gramatikea eta erabilereari buruz, eta artikulu ugari bere bai. Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburua katalanera itzuli dau.