Fredi Paia: 'Txapela bertsolari karrerako tituluaren modukoa da: bertsolaritzaz ez dakian jenteak zu baloretako mekanismoa'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 22a, 00:00

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea lehenengo aldiz irabazi eban Fredi Paia Ruiz algortarrak, zapatuan Bilboko Miribillako kiroldegian jokatutako finalean. 4.000 ikusle baino gehiagoren aurrean, Paiak bere estilo adoretsua erabili eban 901 puntu batu eta orain arteko txapelduna, Arkaitz Estiballes, atzean izteko. Kristina Mardarasek jantzi eutsan txapela eta, Paiak, orain dala hiru urte hildako aitari eskeini eutsan. Txapeldunagaz berba egiteko aukerea euki dogu, saioa amaitu barritan:


1.- Zelan bizi izan dozu finala barrutik?

Aurretik nahiko urduri egon naz, Egañak dinoan moduan, tximeletak sabelean. Behin hasita, nasaitu egin naz eta gustura ibili naz, bai zortziko nagusian, bai txikian, hamarrekoan... Gero bakarkako gaiak, lehenengo fasekoak, KO itxi nau, oraindino ni ez nago formauta horren ganean ganorazko ezer esateko [Kezka bat darabilzu buruan, zure alabea ez dala sentiduten bere sexukoa, izan zan gaia]. Baina horretarako daukadaz nire esperientzia eta baliabide literarioak, gaiaren inguruan hegaz egiten ikasteko. Gero, buruz burukoan, pozarren, jaia izan da niretzat.


2.- Espero zenduan buruz burukoan sartzea ala zeuretzat sorpresatxua izan da?

Printzipioz, nik inoz ez dot uste izaten buruz burukoan sartuko nazenik, beste urte batzuetan baiezkoan egon naz eta gero ez naz sartu eta neure buruari ziurtasun mekanismo hori ezarri deutsat. Orduan, nire izena esan dabenean, negarrak be urten deust.


3.- Zein bertsoaldigaz geratu zara gusturen?

Gehien sufridu dodana baina gehien gozau dodana, iruditu jat bakarkakoa izan dala, iruditzen jat ezinetik gauza polit askoa atara dodala. Zortziko Handian be gustura ibili naz, umea ikusi ezin dauan aitaren egoereagaz, guk etxean, itsasgizonen kontuagaz ezagutu dogu hori. Orokorrean pozik egon naz danetan, saio orekatua egin dot.


4.- Arkaitz Estiballes eta zure arteko buruz burukoan, zortziko txikiko eta seiko motzeko gaiak zuen neurrikoak izan dira, ezta?

Bai, egia esan Arkaitz lagun handia dot, alkarregaz bizitako egoeretatik kantau ahal izan dogu, sarritan ibili garelako alkarregaz parrandan. Lehenengo gaia eraz etorri jaku [bezperako parrandea gomutetan ez daben lagun biren lekuan ipini zituen] eta bigarrena be, kuriosoa izan da, fikzino lan baten modukoa izan da, polita [Bernar Mandalunizen bahiketea argitu behar daben detektibe bi ziran]


5.- Buruz burukoan, kartzelan zelan ekin deutsazu gaiari? [Eskua emon deutsazu]


Gai zabala da, eskua emoteagaz gauza asko etorri ahal ziran burura. Arriskatu egin dot orain arte egin ez dodan gauza bategaz, hau da, jenteak ez jakitea azkanengo puntura arte zeren ganean nabilen kantuan.


6.- Zure estiloa bete-betean erabili dozu, konpleju barik joan zara...


Bai, ze aurreko txapelketa batzuetan ahalegindu naz neure estiloa aldatzen, umoreak punturik emoten ez dauala esaten dalako, hobeto ei da seriotik jotea, badakizu. Baina topau dot holako puntutxu bat, estilo ludiko-dramatiko-festibo baten barruan, doinu eta gai serioakaz baina betelanean umorea sartuta eta badira txapelketa pare bat tonu hori lortzeko ahaleginean nabilela eta oraingoan asmau dot.


7.- Txapela aitari eskeini deutsazu, une berezia izan da zuretzat, ezta?

Bai, zor bat kitatu dot, buruan neukan aitari txapela eskeintzea, baina hil egin zan eta argi neukan aitari txapela eskeini arte txapelketan jarraituko nebala. Dagoan lekuan dagoala, eskertuko deustalakoan nago.


8.- Zure anaia Xabik be irabazi eban Bizkaiko txapela, 2006an, familia berean txapeldun bi egotea ez da arrunta...

Nik poztasun handiz biziko dot hori. Batez be bertsolaritzea askorik jarraitzen ez dauenarentzat, ni txapeldunaren anaia izan naz urte askoan eta, orain, txapeldunaren anaia txapelduna izango naz.


9.- Zuretzat, zer da txapela hau irabaztea?

Lagun batek galdetzen eustan, zertarako gura dozu txapela? Ba, begira, niretzat txapela da, bertsolari karrerako tituluaren modukoa. Badagoz bertsolari handiak txapela barik joan diranak, Xalbador, Lazkao Txiki eta abar, baina gizarte triste honetan, emoten dau, txapelarik euki ezean, ez zarela horren bertsolari, badirudi behin txapela lortuta, orduan balorauko zaituala, batez be, bertsoaz gitxi dakian jenteak. Azken finean, karrerako titulua be horixe bera da, karrera horren ganean ezer ez dakian jenteak zu baloretako daukan mekanismoa da.


10.- Aurrerantzean, zein da zure asmoa bertsolaritzan?

Orain arteko moduan jarraituko dot, datorren urtean ez daukagu txapelketarik, nasaitasun horregaz nago. Gero, txapela irabazteak ardurea dakar, Bertsozale Alkarteagaz eta bertsolaritzearen proiektuagaz, ahaleginduko naz ahalik eta ondoen beteten lan hori. Bestetik, finalean erakutsi dodan bertsoeran sakontzeko asmoa daukat, ahal dala kalidade handiagoz umorea eta dramatismoa buztartzen, nire ahots hau garatzen jarraitu nahi dot.


11.- Zu Algortakoa zara eta Arkaitz Estiballes, Galdakaokoa. Badirudi Bizkaiko eremu ez hain euskalduneko bertsolaritzea indartsu dabilela.

Nik uste dut aspaldian gabilzala prozesu hori ikusten, Jone Uria nire ikasle izandakoa be finalean egon da, algortar bi egotea itzela izan da. Anaiea animetan be ahalegindu naz txapelketarako, baina ezin. Alderdi soziolinguistikotik irudi hori emoten dau txapelketeak, hau da, erdal guneetan euskerearen erabilerearen aldeko lan handia egiten dala.

Osorik irakurri