Ziortza Merino: 'Uribekostarrak iturri eta uraska izango ditu Hirukak'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 29a, 00:00

Batasunak indarra dakarrela aintzat hartuta, Uribe Kostan azken urteotan lanean ibili diran Santamariñe Urdulizen, UK papelezko aldizkaria eta Ukberri.net agerkari digitala desagertu eta Hiruka proiektuan bat eginda, edukiak formato desbardinetan plazaratzea da asmoa. Hiruka Uribe Kostako euskerazko komunikazino-talde barria urtarrilean abiatuko da baina eskualdean zehar, herririk herri aurkezpenak, batzar edegiak egiten dabilz herritarrei proiektu barria ezagutarazoteko.

Euskalgintzako eragileakaz eta Justuri irrati-egitasmoagaz batera sortu dabe Hiruka. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, papelezko astekaria eta irratia. Azken hori hilebete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Hiru komunikazino-euskarrien bitartez, alkarteen eta norbanakoen parte-hartzea bultzatu nahi dau Hirukak. Esaterako, sareko gerkarian, Komunitatea izeneko atalean, edozeinek aukerea izango dau ekimenak eta eretxiak plazaratzeko. Astekariak eta irratiak be horretarako aukerea emongo dabe. Esan bezela, papelezkoa asterokoa izango da, koloretan eta tabloide formatuan.

Hurrekotasuna eta gizarteratzea oinarri, herritar, alkarte, erakunde zein merkatarien komunikazino-beharrak asetzeko tresnak eskainiko ditu: tokikoa eta hurrekoa izango da, Uribe Kostako herri bakotxetik egina eta herri bakotxera bideratua.

Horregaz batera, Hirukak komunikazino-baliabide erakargarriak eskainiko deutseez Uribe Kostako euskaldunei eta euskaltzaleei. Gainera, ia-euskaldunen euskalduntze-prozesuan eta gazteen euskerearen erabileran eragiteko ezinbesteko tresna izan nahi dau.

Hirukak irabazi asmorik bako kooperatiba izaerea izango dau eta edozeinek parte hartu ahal izango dau kooperatiba-kide eginez, modu bitan: Bazkide Erabiltzaile edo Bazkide Laguntzaile izan zaitezke. Erabiltzaileen kasuan, persona juridikoek 1.000 euroko inbersioa egingo dabe, eta norbanakoek 100 eurokoa. Laguntzaileen kasuan, barriz, persona juridikoek 200 eurokoa eta norbanakoek 50 eurokoa; gainera, 33 euroko kuotea ordaindu beharko dabe urtero.

Bazkide izanda, kooperatibaren organo nagusietan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena, eta horreetarako hautatua izateko eta hautatzeko eskubidea izateaz gan, ordainpeko produktuetan beherapenak izango ditue eta Hirukaren eskaintzak doban edo prezio murritzagoan (liburuak, diskoak, sarrerak, eta abar). Bajea emon ezkero, dirua berreskuratzeko eskubidea izango dau.

Bazkide erabiltzaileek, erabagiteko ahalmen handiagoa izango dabe kooperatibearen norabideak eta erabagiak hartzeko momentuan, baita proiektugazko lotura eta konpromiso-maila handiagoa be. Azkenik esan, kooperatibako bazkide izan barik, laguntzaile soila, hirukalaguna izateko aukerea be badaukiela norbanako, alkarte, dendari, merkatari, eskola eta abarrek; urteko kuotea 35 eurokoa izango da.

Zehaztasunak Ziortza Merino Hirukaren kudeatzaileak emon deuskuz


1.- Bizarra Lepoan aldizkaria 1995ean sortu zan eta geroago etorri ziran UK aldizkaria eta Ukberri.net agerkaria. Ibilbide mamitsua egin dabela gogoan hartuta zergaitik erabagi zenduen komunikazino-talde barria sortzea?

1995ean jaio zen Bizarra Lepoan aldizkaria, Getxorako bakarrik zana. Eskualdean bazan Santa Mariñe aldizkaria be, Urduliz inguruetan banatzen zana, hiru hiebetean behin, 1992tik 1999 bitartean. Bi aldizkari horreek jarraipena izan eben 1999an sortutako UK aldizkariagaz, eskualde osoa kontuan hartzen ebana , Uribe Kosta (UK) osoa: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz. Gaztaroan, maiztasuna, orrialde kopurua, sarerako saltoa eta hainbat aldaketa bizi izan ditu; beti be argazkigintzeari leku berezia eskainiz eta uribe kostaren historia eta istorioak izanda iturri eta helburu. 2015ean beteko zituan 20 urte. Baina beste sasoi bat bizi dogu, hedabideen betebeharrak eta horreekazko eskariak aldatu egin dira, eta UK-k bide barria hartuko dau. Abenduaren 22an kaleratu da UKren azken zenbakia, 263.a, berezia goitik behera.

Ukberri.net agerkari digitala, barriz, orain dela 11 urte sortu zan, Guardia Zibilak zarratutako Euskaldunon Egunkariaren Bizkaia gehigarriak sarean eta eskualdean itxitako hutsunea beteteko asmoz. Kaletik, Uribe Kosta eta Erandioko herri eta auzoetako 20.000 istorio baino gehiagoren barri emon dau tarte horretan eta orain, ostera, abenduaren 29an argitaratuko dau azken albistea.

Orain dala urte bi inguru, Uribe Kosta eskualderako irrati euskalduna sortzeko asmoagaz, eskualdeko euskal komunikabideak (Ukberri.net, UK aldizkaria) eta Koska irrati librea euskalgintzako hainbat eragilegaz alkartu ginan. Koskak bere bidea amaitutzat emon eban. Jaurlaritzeak irrati-lizentziak banatzeko lehiaketea abian egoala ikusita, Uribe Kostarako irrati euskalduna: Justuri Irratia aurkeztu genduan; baita lizentzia lortu be. Baina lizentzien baimena bertan behera lotu zan, gero… Bide judiziala hartu dau gaiak eta zain gagoz.

Bitartean, eskualdeko hedabide biek aurrerapausua eta bestelako garapen bat behar ebela erexita, irratia sortzeaz gan, Uribe Kostarako komunikazino-talde osotu, integral, sendo, indartsu, multimedia, kalidadezkoa eta erakargarria eskaintzea erabagi genduan, komunikabideok eskualdeko euskalgintzako eragile esanguratsuenakaz batera, indarrak batuz. Bide horretan Tokikomen laguntzinoa be izan dogu.


2.- Hirukaren filosofia, aurrekoen jarraipena izango da, hau da, euskerea ardatz dauena, hurrekoa... Zeintzuk izango dira Hirukaren berezitasunak?

Ilusino handiz sortu dan egitasmo da, eskualdeko euskereari bultzadea emongo deutsola sinistuta. Uribe Kostan 100.000 euskaldun eta ia euskaldun gara; guri guztioi begirako egitasmoa eta eskaintzea da, baita gu guztion bultzadea beharko dauena be. Hurreko informazinoa eskainiko dau, Uribe Kostako herri bakotxak sortzen dauena, eta herri bakotxera bideratua; uribekostarrak iturri eta uraska izango dituana; horrezaz ganera, eskualdeaz gaindiko bestelako gaiei be ez deutse aterik zarratuko, zelan edo halan Uribe Kostagaz loturea badaukie.


3.- Hiruka izena nondik nora asmau dozue? Hiru horrek zer adierazoten dau?

Oinarrian, UK daroa barruan; orain arteko komunikabide biek baeukena, eta gainera Uribe Kostari erreferentzia zuzena egiten deutsona. Eta hiru horrek badauka bere esanahia, laster baten lau haizetara jakinarazoko doguna… Momentuz Uribe Kostako herritarrei azaldu gura deutsegu proiektua, eurena eta eurentzat dalako, eta zehaztasun guztiak jakiten lehen-lehenengoak izatea merezidu dabelako; horregaitik gabilz herririk herri aurkezpenak, batzar edegiak egiten.


4.- UK papelezko aldizkariak abenduaren 22an argitaratu dau azken zenbakia, 263.a, hain zuzen be. Erandiotik Lemoizera arteko kontuak jaso eta zabaltzen egindako hamabost urteko ibilbidean, zer nabarmenduko zeunke?

Herriakazko eta herritarrakazko hurrekotasuna, duda barik. Esan barik doa, euskerearen aldeko ekarpena; eta ondare eta memoria historikoaren gordailu izatearena, bai argazkien bidez, eta baita herrietako errealidadeak be islatu gura izan ditualako UK-k. Eta ahaztu barik, izandako bidelagun guzti-guztiak, beharginokaz batera eurek egin dabelako UK. Urteotan guztiotan publizidadea ipini daben eta guretzat handi diran merkatari txikiak, eragileak, erakundeak e.a.; urtero harpidetzea pagau daben irakurleak nahiz eta batzuetan aldizkaria belu jaso; diru-laguntzinoa emon deuskuen udal guzti-guztiak, eta diru-laguntzinoa emon ahal izateko lan egin daben politikariak; albisteak idatzi dituen kazetariak eta ez kazetariak; euren aleak oparitu deuskuezan bertsolariak; artikuluak idatzi dituen kolaboratzaileak; argazki zaharrak zein barriak helarazo eta itxi deuskuezan argazkilariak eta herritarrak; beti alboan izan doguzan alkarteak… Banaka aitatu beharko bageunkez orain arteko UK guztietako orrialdeak beharko geunkez! Eurek egin dabe UK! Ez dago eurei zelan eskertu!


5.- Gaur egun papelean argitaratzeak badauka zentzurik?

Galdera horrek hamaika urte ditu! Akaso, 10 urte barru be egingo deutsagu gure buruari! Oraindino bada papela nahiago daben irakurleak, eta papela behar dabenak be badira; gainera, gai sakonei hobeto eusten deutse papelak, momentuz; eta argazki ederrei be bai! Aldaketea datorrela? Bai, baina noiz ez dakigu, eta gure eskaintzak ahalik zabalena izaten ahalegindu beharko geunke gaur egunean, behintzat, jakin arren papelaren kostua handia dala eta ekologian be badagoala eragina.


6.- Ukberri agerkari digitalak be ibilbide polita egin dau, baita sare sozialetan be. Bide horri ekingo deutso Hirukak?

Hirukak UK-ren eta ukberri.net-en arimak bere egin ditu, dohaintzan emon deutseez! Horreen esentzia be islatuko dau komunikazio-talde barriak. Baina gehiago jakin gura badozue apur bat itxaron beharko dozue, azken UK eta ukberri.net irakurtea gomendatzen deutsuegu…


7.- Hirukaren lantaldean jente barria sartuko da ala aurreko komunikabideetako beharginek jarraituko dabe?

Aurreko beharginak egongo dira Hirukan, eta baliteke barriren bat be behar izatea.

Osorik irakurri