Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen 2015ko diru-laguntzinoetan, danetara, 45,6 miloe bideratuko dira euskerea eta bere erabilerea sustatzeko. Diru kopuru horretatik 42.0287.500 euro sailburuordetzearen zazpi diru-laguntzino deialdien bitartez, HABE barne, emongo dira, eta ganerako 3.436.630 euro proiektu zehatzetarako lankidetza hitzarmenen bidez.
Hurrengo urterako diru-laguntzino programak 2014ko mailetan mantenduko dira, kasu batean izan ezik. Euskaltegietako ikasleentzako laguntza zuzenei bideratutako aurrekontua aurtengo 800.000 eurotatik miloe bat eurotara igon da, HABEren ikasmaila ofizialen bat gainditzen daben ikasleei zuzendua.
Helduak euskalduntzeko 30.860.000 euro bideratuko ditu sailburuordetzeak 2015an, diru-laguntza programen % 68 inguru. Kopuru hori udal euskaltegien (11.340.000 euro), euskaltegi pribatu homologatuen (18.300.000), euskal etxeen (220.000) eta ikasleentzako zuzeneko diru-laguntzinoen (miloe bat euro) artean banatuko da.
Hori izan da hurrengo urterako diru-laguntzinoen gehiena jasoko dauen multzoetako bat. Bere atzetik Euskerazko hedabideei zuzendutako diru laguntzinoak dagoz, 4.875.000 eurogaz, aurrekontuaren % 48,5, euskalduntzerako diru-laguntzinoak kendu eta gero. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, hedabideek euskerearen erabilerea sustatzeko daben garrantzia azpimarratu dau deialdi honen helburua horreek sendotu, garatu, normalizau eta eraginkortzea dala azalduz, bezeroei begira irismen mailea indartzeko.
Beste alde batetik, gehienbat gaztelaniaz diran hedabide idatzien eta albiste agentzien edizino digitalen euskerearen presentzia areagotzeko diru-laguntzinoak aurkeztu dira, 400.000 euroko aurrekontuagaz. Euskaldunek informazinoa euskeraz jasoteko daben eskubidea modu eraginkorrean betetea dau helburu eta, era berean, hizkuntza ohituretan eragitea euskerea erabilteko ohiturea sortuz eta interneteko euskerazko edukiak gehituz.
Euskalgintza deialdia be abiatuko da hurrengo urtean, 979.200 euroren bitartez, euskerearen erabilerea sustatzeko proiektuak dituen enpresa eta alkarte pribatuei zuzendutakoa. Horregaz batera, LanHitz deialdia be bideratuko da, 1,594.800 euroko aurrekontuagaz, Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde eta enpresa pribatuetan euskerearen erabilerea eta presentzia areagotzeko helburuagaz.
Aitatutako bost deialdi horreek astelehen honetan bertan argitaratu dira. Halan da be, 2015ko urtarrilean argitara emongo dira beste bi. Alde batetik, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia/Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana deialdia (EBPN/ESEP), 2.771.000 eurogaz, Euskal Autonomi Erkidegoko udalei eta udalez gaindiko erakundeei zuzendutako diru-laguntzinoak. Bestalde, Informazino eta Komunikazino Teknologietan (IKT) euskerazko baliabideak eta aplikazino barriak sortzen eta garatzen dituen ekimenei zuzendutako deialdia zabalduko da, 807.000 euroko aurrekontuagaz.
Barrikuntzak
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2015ko diru-laguntzino deialdiek dakarrezan barrikuntzak azaldu ditu astelehen honetan Donostian; horreen artean, LanHitz programearen barruan, egitasmo pilotu bat martxan jarriko dala adierazo dau, horren bitartez hizkuntza kudeaketan aurreratuen dagozan enpresek euskeraz lan egin deien. Era berean, eta azken horretan bertan, multzo berezi bat eskainiko jake alkargo profesionalek bultzatutako ekimeneei horreetako profesionalek euskeraz lan egin deien, berbarako, euren lana euskearaz egiten daben abokatu eta prokuradoreak.
Horrrezaz gan, hurrengo urteko deialdietako beste barrikuntza bat EBPN/ESEP diru-laguntzinoen deialdia bi urterako zabalduko dala azaldu dau Baztarrikak.