Kanadako Red Bay udalerriak Red Bay Basque Festival jaialdiaren hirugarren edizinoa ospatuko dau 2015. urteko garagarrilaren 7tik 19ra. Sasoi batean euskal balea arrantzaleen portua izan zan udalerriko biztanleek, Biarritz, Baiona, Donibane Lohizune, Pasaia, Donostia, Orio edo Bermeotik heldutako arrantzaleen bizimodua zelakoa zan erakutsiko dabe jardunaldietan, orain 500 urteko kontuak, hain zuzen be. Era berean, euskal gastronomia erakusketak eta euskal kultureagaz lotutako erakusketak izango dira.
Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazo dabenez, Unescok inguru hau Gizateriaren Ondare izentau ebanetik, lekua sustatzeko ekimenak ugaldu dira Parks Canada alkartearen lanari eta Red Bayko biztanleei esker. Bertako Saddle ugartean dago inguru haretan denpora luzez baleak eta makailaoa harrapetan ibilten ziran euskaldunen kanposantua, badia txiki haren erdian, hain zuzen.
Red Bayko herritarrek hainbat antzezpen egiten ditue bisitarientzat, esate baterako, Joannes euskal arrantzalea eta bere emazte Anneren kontakizuna: XVI. mendean euskal portuetatik Newfoundlans eta Labrador kostaldeetara zelan joaten ziran, batez be St. Johns eta Red Bay aldeko portuetara.
Aurtengo udan, Unescoko ordezkariak eta Kanadako zein Labrador-Newfoundlandseko gobernuetako ministroak bertan zirala, euskeraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako hiru plaka handi ipini zituen Wanita Stone alkatea buru izan eban ekitaldian; holan izentau eban Unescok inguru hori Gizateriaren Ondare. Era berean, Eusko Jaurlaritzeak Lagun Onari saria emon eutson Selma Huxley Barkham ikerlariari, haren lana ezinbestekoa izan baita kostalde horreetan etenbarik egin dituen aurkikuntzetarako.
2015eko III. Red Bay Basque Festival jaialdiak Kanadako udalerri horretako historia eta kulturea zabaltzeko balioko dau, bai eta inguru hori Kanadako ganerako inguruetan sustatzeko be.