Donostiako Dock Of The Bay Musika Dokumentalen Jaialdiaren zortzigarren edizinoaren egitarau osoa aurkeztu barri dabe Victoria Eugenia antzokian. Danetara, 11 film lehiatuko dira sail ofizialean eta beste zortzi erakusketa sailean izango dira ikusgai, urtarrilaren 10etik 17ra Trueba zinema-aretoetan eta Antzoki Zaharrean egingo dan jaialdian.
Arduradunek aurkezpenean azaldu dabenez, Dock of the Bay jaialdiko sail ofiziala Tubullar Bells: Mike Oldfield Story filmak hasiko dau. Lamb of God metal taldeko abeslariari egotzitako fan baten hilketa salaketa gaiagaz lehiatuko da As the Palaces Burn pseudothrillerra, eta Good Will Huntingek eta desagertutako Elliot Smithek bat egingo dabe Heaven Adores You filman.
Doctor Deseo taldearen ibilbidea ikusgai izango da Doctor Deseo: Busco en tus labios dokumentalean, bai eta Eskorbuto punk taldea be Eskorbuto: las más macabras de las vidas filman. Patuchas, el hombre de los mil limones dokumentalak Pabellón Psiquiátrico taldeko buruaren historia irudikatuko dau.
El heredero de Listz pelikuleak pianoaren genio txiki baten istorioa kontauko dau, eta This Lovely Shitty Live emakume mariachiek bizi daben mundu matxistearen isla da. Austin to Boston road moviea ez da faltako eta Jelte Tuinstra musikari holandarra ezagutzeko aukerea emongo dau Who the Fuck is Jett Rebel dokumentalak. Eta glama be ez da faltako We Are Twising Fuckin Sisteren eskutik.
Erakusketa saila
Erakusketa saila handitu da aurtengo edizinoan. Holan, Freddie Marcury: The Great Pretender dokumentalak Queen taldeko buruak bakarka egindako bidaia jorratuko dau, eta Johnny Winter: Down and Dirty filmak gitarra jole albinoaren ibilbide korapilatsua islatuko dau.
Era berean, In-Edit jaialdian Publikoaren Saria jaso dauen Pulp: A Film About Life, Death and Supermarkets filmak eta 1980ko hamarkadako Londresera bidaia egiten dauen Spandau Ballet: Soul Boys of the Western World dokumentalak sail honen beste bi proposamen dira. Horreekaz batera, rock kementsuenaren erretratua egiten dauen Super Duper Alice Cooper pelikulea; The Doors Fest old Friends, berreskuratutako eta zaharbarritutako The Doors taldeko kideek eurei buruz produzidutako film bakarra; rumba katalana eta Peret jorratzen dituan Cuchíbiri, cuchíbira dokumentala; eta Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Mikel Valverde eta Bingen Mendizabalen lanak batzen dituan ikuskizun multimedia gauzatzen dauen That Tiny Playful God filmak osotuko dabe erakusketea.
Dock of the Bay Jaialdiaren egitaraua beste hainbat ekintzek osotuko dabe, besteak beste, Diego Besne eta Giorggio Basmatiren erakusketek, Publiko Barrien sailen emonaldiek, festek edo The Suicide of Western Cuture taldearen kontzertuak.
Aurtengo edizinoko barritasun nagusia igaz baino sari gehiago dagozala izango litzateke, izan be, Sade eta Guayana Filmsen lankidetzeari esker, bi sari gehitu dira. Epaimahai ofizialak izentauko dauen 2015eko Dock of the Bay musika dokumentalik onenari sariagaz batera, Publikoaren Saria-SADE eta Guayana Films Saria Banaketari emongo dira.
Jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai dagoz, zazpi euroan, www.kutxasarrerak.net, www.dockofthebay.es eta www.gruposade.com webguneen bitartez.