Gaur goizean BBKren Patronatuak (Orain Banku Fundazinoa) 33,9 miloe euroko aurrekontua onartu dau datorren 2015eko ekitaldirako; 2014koa baino diru-sail handiagoa da, eta holan BBK-k bere apustua berresten dau Gizarte Ekintzaren alde Bizkaian. Kopuru hori erakundea lantzen dagoan zazpi arlo nagusietako bakotxean sartzen diran programa eta proiektuen artean banatuko da; zazpi jarduera-arlo horreetan banatu da BBK lantzen dagoan Plan Estrategikoa be, eta 2015eko lehen hiruhilekoan onartzea espero da.
Gizarte Ekintzaren 2015eko aurrekontuak Banku Fundazinoaren helburuei eusteko aukerea emongo dau, Bizkaian gizarte-kohesinoaren, hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren alde eginez.
Familia eta seme-alabak, Gaikuntzea eta Enplegua Sustatzea; Menpekotasuna eta Ezgaitasuna; Kulturea, Sormena eta Barrikuntzea; Helduaro Aktiboa; Hirugarren Sektorea Indartzea; eta Eraginkortasuna, Hurrekotasuna eta Gizarte Errentagarritasuna: arlo estrategiko horreetara bideratuko ditu BBK-k bere baliabideak, Bizkaian gizarte-kohesino, hazkunde ekonomiko eta enplegu aldetik dituan helburuak bultzatzeko.
BBK Banku Fundazinoaren zuzendari nagusiak, Gorka Martinez Salcedok, dinoan legez: Euskadiko Gizarte Ekintzarik garrantzitsuena izaten jarraitzen dogu eta, bere neurriaren proportzinoan, Espainiako garrantzitsuena. Nahiz eta egoera ekonomikoa ez dan onena izan, aurrekontua igon egin dogu 2014koaren aldean. Argi doguz geure helburua eta izateko arrazoia, eta horren alde jarraituko dogu lanean. Horren haritik, Martinezek ondokoa esan dau: Gizarte Ekintza iraunkor baten alde egiten dogu, denporan aurrekontu egonkorra izango dauena, profesionala eta proiektuak garatzeko asmoagaz.