Donostiako 50. Heineken Jazzaldian joko daben tokiko hamar taldeak hautatzeko prozesuaren barruan behin betiko zerrendea erabagiteko balioko daben ikus-entzuleen aurreko emonaldiak barikuan, urtarrilaren 9an, hasiko dira. Heineken Jazzaldia, barriz, garagarrilaren 22tik 26ra izango da.
Antolakuntzeak jakinarazo dauenez, aurten aurkeztu diran 45 proposamenetatik, parte-hartzaileek ekarritako grabazinoetan oinarrituta, Batzorde Antolatzaileak 15 talde hautatu ditu, Donostiako hainbat agertokitan jo deien urtarriletik martira bitartean. Zuzeneko emonaldi horreen ondoren, Batzorde Antolatzaileak, kalidade artistikoa eta ikus-entzuleen erreakzinoa aintzat hartuta, 50. Heineken Jazzaldiaren programazinoan sartuko diran hamar taldeak hautatuko ditu.
Saioak Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean izango dira, dobako sarrereagaz (Klubaren kasuan, aldez aurretik, Victoria Eugenia Antzokiaren leihatiletan hartu beharko dira gonbidapenak).
Emonaldiak barikuan hasi eta martiaren 26an amaituko dira, eta ondorengo talde honeek joko dabe: Z-Bone Project, Lara Vizuete, Orbital, Ghost Number & His Tipsy Gypsies, Dynamic Trio, The Soul Messengers, Onna Marun, Totem Trio, Reunion Big Band, Paul San Martín & Romain Gratalon, Pemptousia, Maldataskull, Unity, La Guachafita eta Give Me Five.