Habana Zaharra, Kubako uriburuko gune historikoaren bihotza, izango da Kubako euskaldunak ardatz izango dituan XI. Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazinoarteko Mintegiaren gunea. Antolatzaileak Nevada-Renoko Unibersidadeko Center for Basque Studies eta Eusko Jaurlaritzea dira, Asociación Vasco Navarra de Beneficencia Kubako Euskal Etxearen lankidetzeagaz, besteak beste.
Habanako Euskal Etxeak jakinarazo dauenez, datorren urtarrilaren 12tik 14ra, Kuban egingo da Euskal Herria Mugaz Gaindi euskal diasporeari buruzko nazinoarteko mintegiaren hamaikagarren edizinoa. Aurten Kubako euskaldunen historia izango da gai nagusia, eta antolatzaileek gune historiko ikusgarria aukeratu dabe txostenak aurkezteko: Habana Zaharreko bihotzean, Plaza Zaharrean bertan dagoan San Esteban de Cañongo Kontearen jauregia.
Euskal Etxeko presidente Renato Garcia Eguzquizak adierazo dauenez, bera buru dan Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia Kubako Euskal Etxeagaz batera, antolakuntzako parte dira Nevada-Reno Unibersidadeko Center for Basques Studies eta Eusko Jaurlaritzea. Era berean, mintegiaren babesle dira Kubako, Euskal Herriko eta AEBetako erakunde honeek: Colegio Universitario San Gerónimo, Fernando Ortiz Fundazinoa, Euskal Herriko Unibersidadea eta USAC-University Studies Abroad Consortium.
MIntegian danetara 19 hizlarik aurkeztuko ditue txostenak, besteak beste, Alexander Ugalde, Jon Ander Ramos, Mikel Urkijo, Alberto Irigoyen, Miel Angel Elustondo eta Felix Julio Alfonso adituek. Aurreikusten da bertan izango dala Asier Vallejo Itsaso, Jaurlaritzako Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako zuzendaria, eta baita Nevada-Renoko Unibersidadeko irakasle emeritoa dan William Douglass antropologo eta euskaltzale amerikarra be.