Bermeoko Irakurle Txokoa Markinara joango da urtarrilaren 17an, Bizenta Mogelen txokoak ezagutzera

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 9a, 00:00

Bermeoko Irakurle Txokoak ekimen berezi bat egingo dau urtarrilaren 17an, goizeko 10:30ean Markinara joango baita, Bizenta Mogel euskeraz idatzi eban lehenengo emakumearen txokoak ezagutzera. Kontuak kontu, 1782an jaiotako Bizenta Mogelen ekarpenak ezagutzeko aukerea izango dabe ekimenean parte hartzen dabenek, Yolanda Arrieta idazlearen gidaritzapean.

Bermeoko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez, Arrietak idatzitako Argiaren alaba liburua berbagai izango dabe ibilbidearen osteko tailerrean, eta idazlea hobeto ezagutzeaz gan, gaur egungo bizimoduagaz dituan loturak ezagutzeko aukerea izango dabe.

Bizenta Mogel, Joan Antonio Mogelen lobea, euskeraz idatzi eban lehen emakumea izan zan. 22 urtegaz, 1804an, bere lehen liburua argitaratu eban. Lan asko egin eban, baita itzultzaile lanak be. Horreetako batzuk gorde dira, eta beste asko sakabanatuta dagoz.

Emakume hau sasoi haretan aitzindaria izan zan arlo askotan, ez bakarrik literatura arloan, baita emakumearen eskubideei jagokenez be, eta Yolanda Arrietak, Markinan haren txokoak ezagutzeko egingo dan ibilbidean, idazlearen bizitzaren pasarteak kontauko ditu.

Azken buruan, nahi daben herritarrek parte hartu leikie baina horretarako Bermeoko Udal Liburutegian izena emon behar dabe urtarrilaren 15a baino lehen.

Osorik irakurri