Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan BilbaoEszena antzerki baliabideen zentroak Komunikazinoaren arlorako lehen laguntzak ikastaroan izena emoteko epea zabaldu dau astelehen honetan, urtarrilaren 12an. Izen emoteak BilbaoEszenako instalazinoetan edo bilbaoeszena@ayto.bilbao.net helbide elektronikoaren bitartez egin daitekez, urtarrilaren 25era arte, Bilboko Udalak jakinarazo dauenez.
Presentziazko 16 orduko iraupena izango dauen ikastaroa, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara eskainiko da, barikuetan, zezeilaren 6tik 27ra, BilbaoEszenako instalazinoetan. Ikastaroak irauten dauen hilebetean, eta hurrengo astera arte, ikastaroko partaideek euren egitasmo bereziari buruzko konsultak be egin ahal izango ditue mezu elektronikoen bidez.
Ikastaroa gaztelaniaz eskainiko da, baina tutoretza personalizatuak ikasleak aukeratzen dauen hizkuntzan -euskeraz edo gaztelaniaz- egin ahal izango dira. Materialak eta komunikazinoa elebidunak izango dira.
Izena emoteko beharrezkoa izango da datu personalak edota konpainiarenak, curriculum laburra eta gaur egungo edo etorkizuneko egitasmoaren deskribapen laburra aurkeztea, baita sortutako komunikazino materialak be, holan danean. Ikastaroaren prezioa 70 euro da, eta 50 euro BilbaoEszena, ATAE, ADDE eta EAB erakundeetako bazkideentzat. Diru sarrerea antolakuntzeak izen emotea baieztatu ondoren egin beharko da.
Komunikazinoaren arlorako lehen laguntzak ikastaroaren helburua, artista edo konpainia bakotxaren lana azken hartzailearengana, hau da, ikus-entzulearengana, behar dan moduan heldu daiten komunikazino egokiak dauen garrantzia azpimarratzea da. Horretarako, Guillermo Royo eta Naia Muñoz irakasleek, komunikazinoa kudeatzeko dagozan tresnak eta hartzaile bakotxarentzako (ikus-entzuleak, komunikabideak, banaketea eta abar) bide egokienak azalduko ditue. Era berean, dagozan baliabide posible guztiak aztertuko dira, klasikoenak eta azken baliabide digitalak.