Eusko Jaurlaritzeak euskerearen bizibarritze prozesua azalduko dau Txilen

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 13a, 00:00

Eusko Jaurlaritzeak euskerearen bizibarritze prozesua azalduko dau Txilen, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskerea Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek gaurtik izango daben bilera, berbaldi, bisita eta hitzarmen sinaduraz betetako agenda baten bidez. Aste guztia iraungo daben ekitaldietan, hizkuntza gitxituen bizibarritzea izango da ardatz nagusia. Izan be, Jaurlaritzeak jakinarazo dauenez, Euskadi izango da herrialde konbidaua Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarrean, eta Patxi Baztarrikak emongo dau sarrera berbaldia. Halan da be, biltzarra hasi aurretik hainbat bisita eta hitzordu izango ditue, jatorrizko hizkuntza indigenen berreskurapenean eta bizibarritzean Txilen diran esperientziak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Era berean, Euskadiko hizkuntza politikearen arduradunek CONADIgaz (Garapen Indigenarako Korporazinoa) lankidetza hitzarmena sinatuko dabe. Txileko Gizarte Garapenerako Ministerioaren barruko gobernu erakundea da CONADI.

Euskal ordezkaritzeak Txilen izango dauen hitzordu zerrenda luzea martitzen honetan hasiko da, La Araucanía eskualdean. CONADIren Kultura eta Hezkuntza Funtsak antolatuta, Baztarrika eta Azkue Temucon izango dira, Jatorrizko hizkuntza indigenen bizibarritze esperientziak izenburupeko lan bileran parte hartzeko. CONADIren zuzendaritzako kideek eretxiak eta esperientziak trukatuko ditue Eusko Jaurlaritzako ordezkariakaz. Hau amaitutakoan, Galvarino komunara joango dira (hau be La Araucanía eskualdean), mapudungun hizkuntzearen ofizialtzea komunidade horretan zelan egin dan bertatik bertara ezagutzeko. Mapudungun hizkuntzea 2013tik da, gaztelaniagaz batera, Galvarinoko hizkuntza ofiziala. Egun, 9.100 maputxe inguru bizi dira komuna horretan.

Hitzordu horreek guztiak sano garrantzitsuak dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak bizibarritze prozesuan dagozan hizkuntza komunidadeakaz ezarria dauen lankidetza harremanen barruan, eta eguaztenean, urtarrilaren 14an, jarraipena izango dabe.

Santiago uriburuan, eta Txileko Kongresu Nazionalean zehatz, hizkuntza indigenen bizibarritzeari helduko jako barriro. Oraingoan, aurretik aitatutakoez gan, lan bileran partaide izango dira Txileko parlamentarioak, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak, eta ume eskolen sare eta fundazinoetako arduradunak.

Eguztenean bertan, arratsaldez, Santiagoko Udaletxean izango da lan bilerea, momentu honetan Txilen gauzatzen ari dan lege proiektu bat aztertzeko: Txileko Jatorrizko Herrien Hizkuntza Eskubideen Lege proiektua, hain zuzen be.

Muestra tu lengua al mundo (Erakutsi zure hizkuntzea munduaren aurrean) goiburupean, Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarra Santiago uriburuan egingo da eguenean eta barikuan, urtarrilaren 15ean eta 16an. Euskadi izango da, eta beraz, euskerea be bai, biltzarraren edizino honetako konbidadu berezia, eta Patxi Baztarrikak emongo dau topaketako hasiera berbaldia eta euskerearen normalizazino prozesuan izan diran gako nagusiak azalduko ditu.

Bigarren egunean, barriz, Euskerea Sustatzeko zuzendari Jokin Azkueren txandea izango da, eta bere berbaldiaren izenburua, Euskal Eskolaren esperientzia eta parte hartze soziala euskerearen bizibarritzean izango da.

Bi egunetan zehar, hizkuntza gaietako hainbat adituk, kultura eta hezkuntza eragileek, unibersidade ikerlariek eta komunidade indigenetako ordezkariek esperientziak trukatu eta estrategiak adostuko ditue, bi helburu nagusigaz: Txileko hizkuntza politikan aldaketak eragiten jarraitzeko, eta elebakartasunetik eleaniztasunerako saltoa egiteko.

Parte-hartzaileak txiletarrak izango dira gehienbat, baina izango da Peru, Bolivia edo Argentinako aditurik be, beste zenbait herritakoren artean. Nazinoarteko biltzarra izango da, beraz, bere oihartzuna Hego Amerika osoan zabaltzeko asmoz egingo dana.

Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sareak antolatu dau biltzarra. Herrialde haretako gizarte zibil indigenak osotzen dauen ekimen horretan, honako herri honeek dira partaide: aymara, kitxua, diaguita, rapa nui, kawesqar, likan antay, yagan, selknam eta maputxe herriak.

Biltzarra Eusko Jaurlaritzearen eta Txileko zenbait erakunde eta alkarteren arteko hitzarmenak sinatzeko abagunea be izango da. Holan, horreetan lehenengoa barikuan sinatuko da, CONADIgaz.

Protokolo honi esker, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak laguntza teknikoa eskainiko deutso CONADIri, besteak beste, honako gai honeetan: hizkuntza indigenen erabilerea sustatzeko estrategiak eta neurriak ezartzen; irakasle, hezitzaile eta monitoreak gaitzen, testuinguru elebidunetan hizkuntzak erakutsi deiezan; edo Hizkuntza Indigenen Akademiak sortzen eta sendotzen.

Gainera, biltzarraren egunakaz bat etorriz, HABEren eta Txileko hiru Euskal Etxeren arteko hitzarmena be barrituko dau Baztarrikak, alfabetatze eta berreuskalduntze erakundeko presidenteordearen izenean. Hitzarmen horreen bidez, Eusko Jaurlaritzeak herrialde honetako Euskal Etxeei hiru muetako laguntzinoa emoten deutse: batetik, diru-laguntzinoak, euskera eskolak emon deiezan; bestetik, ikasmaterial espezifikoa eskaintzen jake; eta hirugarrenik, irakasleen hizkuntza prestakuntzaz eta trebakuntza didaktikoaz be arduratzen da Jaurlaritzea.

Osorik irakurri