Martin Ugalde kultur parkeak, Berria egunkariak, Elkar argitaletxeak eta Jakin fundazinoak, Andoaingo Udalaren laguntzinoagaz, antolatu dabe Martin Ugalde ikerketa bekea. Urte birik behin egingo dabe deialdia, eta Martin Ugalde bera eta euskal kazetaritzea izango ditu ardatz.
Atzo egin eben aurkezopena, Andonainen, Iban Arregik (Berria), Joxemari Sorsek (Elkar), Joan Mari Torrealdaik (Jakin) eta Joanmari Larrartek (Martin Ugalde kultur parkea).
Artengo deialdiaren gaia Martin Ugalde eta euskal kazetaritzea izango da. Bekearen helburua Martin Ugaldek euskal kazetaritzeagaz izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango da. Lana idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukerea izango da. Beharrak idatzizkoak izan ezkero, gitxienez, 150 orrialde euki beharko ditue; eta, ikus-entzunezkoak, badira, 30 minutu.
Proiektuak aztertzean, besteak beste, testuaren kalidadea, informazinoaren zehaztasuna, ikerketearen barritasuna eta iturrien aberastasuna izango ditue kontuan, antolatzaileek azaldu dabenez. Egitasmoak garagarrilaren 31ra arte bialdu daitekez beka@kulturparkea.eus helbidera. Bekearen irabazlearen barri zemendiaren 11n jakinarazoko da, eta lana amaituta euki beharko dau 2016ko urriaren 8rako. 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko.Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko dau idazlana edo ikus-entzunezkoa, ganerako deitzaileekaz alkarlanean.
Joanmari Larrartek aurkezpenean adierazo eban Martin Ugalde kultur parkearen egitekoa eta asmoa ez dala bakarrik euskal kulturgintzarako azpiegitura egokia eskaintzea, eta euskal kultura eta euskalgintzearen sustapena dirala egiteko nagusienak. Parkeak, bere esanetan, ikerketa eta gogoetarako gune izatea dau helburu, eta horregatik erabagi dau egitea beka deialdia.
Martin Ugalde ikerketea bekearen oinarriak, hemen.