Euskerearen arnasguneak babestu eta indartuko dituan arkitektura juridiko barri baten beharra aztertuko dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 15a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak jardunaldia antolatu dabe. Igaz egindako topaketetan urigintza proiektuek hizkuntzetan daben eragina frogatu zan, eta aurten, pausu bat aurrera emon eta euskerearen arnasguneak babestea ez eze, bihotz-gune ezinbesteko horreek zabaltzea be helburu daben ekimenei babes juridikoa emoteko oinarriak aztertu nahi ditue.

Topaketak zezeilaren 5 eta 6an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikulea doban da. Izena emoteko: www.ueu.eus

Prentsaurrekoan Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak; Maren Belastegik, UEMAko Lehendakariak eta Unai Fernandez de Betoñok, UEUko zuzendaritzako kideak hartu dabe parte.

Zigor Etxeburuak jardunaldi honeek antolatzeko arrazoiak eta igazko topaketearen emoitzak gogorarazo ditu: Hizkuntzearen eta egoera sozio-kulturalaren arteko hartu-emonak orain zenbait urte azaleratzen hasi zirn soziolinguistikearen jaiotzeagaz. Hizkuntzalaritzearen ikuspegi sozialago uirigintzeak hiztun-komunidadearengan daben eraginaz. Eragin horrek dauen garrantzia kontuan hartuta hain zuzen be antolatu genduzan igaz 'Lurraldea eta hizkuntzea. Hizkuntzea eta lurraldea' lehen jardunaldiak. Bertan parte hartu eben 200 adituek lurralde-antolaketeari buruzko oinarrizko printzipioak aztertu zituen, Euskal Herriko arnasgune batzuen kasua ezagutzeko aukerea izan eben (Senpere, Zerain, Busturia eta Zubieta), Europako hiru esperientziaren barri be izan eben (Aland Uharteak, Flandria eta Gales) eta lurralde-antolaketa eta gizarte erantzunkizunaren arteko harremanari buruz be hausnartu eben. Azken batean, agirian geratu zan euskeraz biziteko baldintzen aldakortasuna handia dala, eta personen edota erakundeen jardunaren eraginpean geratzen dala. Horrezaz gan, euskeraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eta bitartekoak jarteko, aspektu sozial guztiak kontuan hartu behar dirala be ikusi genduan.

Paul Bilbaok, Kontseiluko  Idazkari Nagusiak igazko jardunaldietatik eratorritako ondorioak aurtengo jardunaldien edukiak abiapuntu izan dirala azaldu dau:

o Paradigma barriak eregitea, euskal komunidadea osorik babesteko eta indarbarritzeko.
o Politika publiko guztietan hizkuntzearen zeharlerrotasuna kontuan hartzeko eskakizuna administrazino guztiei.
o Azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak egiteko beharra, herri euskaldunetan euskereak bizi dauen egoeraz eta euskerearen garapenean eragiten daben aldagaiez.
o Hizkuntza-politika territorializetea, hau da, lurraldetasun-printzipioari begira jartea, eta gaia Euskal Herriko politikearen agendan sartzea.
o Atzerriko herrialdeakazko hartu-emonak lantzea, eredu teoriko eta praktiko eragingarrien bila.
o Gaia gizarteratzeko beharra.
o ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa) izeneko tresnea definidu, eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkeztu.

Maren Belastegik, UEMAko Lehendakariak aurtengo jardunaldien erronkak eta helburuak zeintzuk izango diran azaldu dau: Ondorio horreetan oinarrituz, aurtengo jardunaldietan lurralde-antolakuntzan hizkuntza-erispideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzei buruz jardungo dogu, eta euskerearen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra aztertuko dogu. Udalerri euskaldunen egoera sozioekonomikoa eta izan daben bilakaera soziolinguistikoaren inguruan egindako azterketa interesgarriek eskainiko deuskue horretarako oinarria. Egindako ibilbidearen azterketatik abiatuta, egungo egoeran kokatuz, aurrerantzean euskerea sustatzeko bide barri eta eraginkorrak edegi nahi dira. Euskerea nagusi dan eremuak, arnasguneek, euskerearentzat dauen garrantzia adostasun zabalagaz onartzen dan honetan, adostasun hori praktikan gauzatzea bultzatu nahi da, jardunaldien goiburuan azpimarratutako moduan, erronkak eta tresnak zehaztuz

• Urbanizazio-prozesu desorekatzaileen aurrean euskaldunon habitatak duen hauskortasunaz hausnartzea.
• Eragin kaltegarri hori ekidin egiteko hartu beharreko neurri juridiko, urbanistiko eta linguistikoez hausnartzea.
• Euskaldunon habitata (ere) babeste aldera, pertsonaltasun-printzipio juridikotik lurraldetasun-printzipiora doan jauziaz ohartaraztea.

Azkenik, Unai Fernandez de Betoñok, UEUko zuzendaritzako eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak jardunaldien egitaraua azaldu dau: Bost ataletan banatu dogu jardunaldia: lehen atalean, udalerri euskaldunek euskerearen normalizazino prozesuetan daben garrantzia aztertuko dogu: horretarako, UEMAk bere herrietan egin barri dauen azterketa soziolinguistiko eta sozioekonomiko interesgarria aurkeztuko dau; Soziolinguistikako Klusterreko Iñaki Iurrebasok aurkeztuko dau azterketa soziolinguistikoa, eta, Gaindegiko Imanol Esnaolak, azterketa sozioekonomikoa. Bigarren atalean, euskerearen lege-babesaren gaia jorratuko dogu, lurralde-antolakuntzea ahaztu barik; lurraldetasun linguistikoaren zuzenbidea aztertuko daben hiru aditu izango dira gure artean: Kataluniako Xavier Vila eta Eva Pons eta Euskal Herriko Iñigo Urrutia. Guztia, Kontseiluko Paul Bilbaok gidatuta. Hirugarren atalean, diziplina desbardinetako hainbat esperientzia ezagutuko doguz; DOT-Desazkunde taldeko Iratxe Arriola, EHUko Igor Ahedo, Obra Cultural Balear kultura-alkarteko Caterina Canyelles, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Ekoguneko Itsaso Olaizola entzuteko aukerea izango da. Laugarren atalean, Eragin Linguistikoa Ebaluetako tresna barria aurkeztuko deuskue UEMAko, Artez aholkularitzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko adituek. Eta, azkenik, bosgarren atalean, batzorde akademikoko lau kideok jardunaldion ondorioak eta etorkizunerako erronkak zehazten saiatuko gara.

Osorik irakurri