Jose Rafael Pascual-Vilaplana, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titular barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 16a, 00:00

José Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari Titular izentau da Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Ibone Bengoetxea buru dauen BilbaoMusikako Administrazino Kontseiluak. Izendapena eraginkorra da, hiru urteko hasierako iraupena eta izaera luzagarria dauen kontratua sinatu ondoren.

1971n, Muron (Alacant) jaioa, José Rafael Pascual-Vilaplana, Bilboko Banda behin baino gehiagotan zuzendari konbidau lez gidatu dauen ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da.

Zuzendari titular legez, bere lehenengo jarduna domeka honetan izango da, urtarrilak 18, 12:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregian. Pascual-Vilaplana arduratuko da banda zuzentzeaz neguko denporaldiko lehenengo kontzertuan. Haren batutapean, Bandeak Latinoamerikari eskainitako programea osotuko dau, Herbert Owen Reed, Michael Gandolfi eta Victoriano Valenciaren obrak batuz.

Era berean, Pascual-Vilaplanak Bilboko Bandearen neguko denporaldiko azken kontzertua zuzenduko dau martiaren 22an. Azken emonaldi honetarako, Bandako zuzendari titularrak Mendelssohn, Saint-Saëns, Schmitt eta Shostakovichen doinuak batzen dituan programea antolatu dau, Bandako klasikoak izenburupean.

Bilboko Udal Musika Bandea 45 musikarik baino gehiagok osotzen dabe. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko BilbaoMusika erakunde autonomoari atxikita dago gaur egun, Musika Eskola eta Txistulari Bandeagaz batera.

 
Biografia

Musika ikasketak bonbardinoagaz eta pianoagaz hasi zituan Muroko Musika Batasuneko Musika Eskolan, eta gero, Alcoi eta Valentziako konserbatorioetan ikasi eban. Jan Cober (Holanda), Eugene Corporon (AEB), Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) eta Georges Pehlivanian (Eslovenia) maisuen eskutik, Banda eta Orkestra Zuzendaritzan trebatu zan.

Alemania, Argentina, Belgika, Kolonbia, Kuba, Eslovenia, Espainia, Holanda, Ingalaterra, Italia, Portugal, Errumania eta Suitzako hainbat talde sinfonikoren zuzendari konbidaua izan da, Matanzaseko Orkestra Sinfonikoa (Kuba), Bucaresteko Orkestra Sinfonikoa, Cadizeko Manuel de Falla Ganbera Orkestra, Murtziako Orkestra Sinfonikoa, Luganoko Civica Filarmonica, Babierako Schwäbische Jugend Blassorchester (Alemania), Kubako Banda Nazionala edota Buenos Aireseko Udal Bandea tarteko dirala, besteak beste.

Alacant, Bartzelona, Bilbo, Castelló, A Coruña, Madril eta Palmako Udal Banden, Valentziako Erkidegoko Federazinoko Bandearen eta Musikene Bandearen zuzendari konbidaua be izan da, beste hainbaten artean. Valentziako hainbat bandatako zuzendaria izan da, Castells-eko Castell Musika Batasuna, Bocairenteko Musika Batasuna Alkartea, Yátovako Musika Batasuna eta Xàtivako La Nova Musika Alkartea tarteko dirala, baita La Xafigà taldeko zuzendaria be.

Albaceteko Orkestra Sinfonikoaren ohiko zuzendaria da 2001etik, eta Murtziako UCAMeko Orkestra Sinfonikoaren eta Oportoko (Portugal) Banda Sinfonikoaren zuzendari konbidau nagusia. Horrezaz gan, Orquestra de Vents Filharmonia taldea zuzendu eta Bandako Zuzendaritzea irakasten dau Vall d’Albaida Eskualdeko Musika Eskolan. 2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle konbidau lanean dabil Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean.

Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu, baita Balansiyyà musika ikuskizuna be. Enkarguzko lanak be idatzi ditu, Spanish Brass L.M., Luís González, Juan C. Matamoros, Ximo Vicedo eta Steven Mead lako bakarlarien eskariz. Era berean, epaimahaikide legez parte hartzera konbidetan dabe sarri Espainia, Kolonbia, Eslovenia, Italia, Suitza edo Portugalgo nazinoarteko hainbat konposizino eta zuzendaritza lehiaketatara. Bandarako musikea batzen daben 20 CD grabau izan ditu Audiart, RTVE, FLOC, TABALET eta DE HASKE zigiluakaz.

Sariei jagokenez, Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue saria emon eutsien (Habana, 1991). Lehen saria irabazi eban Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazinoarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an, Valentziako Komunidadeko Alkarte Musikalen Federazinoaren EUTERPE saria eskuratu eban Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizinoa kategorietan. 2010ean, Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak emoten dauen Ignacio Morales Nieva Musikako Sari Nazionala irabazi eban.

Osorik irakurri