Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, urian denpora gehien daroan eta azken urteetan partaidetza marka guztiak gainditu dituan Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXXII. edizinoa deitu dau. Lehiaketeak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi banatuko ditu modalidade bakotxean, euskeraz eta gaztelaniaz, hurranez hurran.
Ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzeak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo gura ditu. Lehiaketea edozein nazionalidadeko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan be, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez be hamabost orrialde izango ditue, espazio bikotxean, eta alde bakarretik idatziak.
Aurreko edizinoetan legez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau, literatur munduko persona ezagunek osotua. Partaideek martiaren 31ra arteko epea izango dabe euren lanak papelean edo Saileko webgunearen bitartez aurkezteko. Holan, oinarri osoak eta parte hartzeko buletina ondoko helbideetan dagoz dagoeneko: www.bilbao.net/concursoaresti edo www.bilbao.net/arestilehiaketa.
2014ko azken edizinoan, Francisco Javier Pérez Zamorako idazleak irabazi eban gaztelaniazko kategoriako lehen saria Que no se entere Freud lanagaitik. Euskerazko kategoriari jagokonez, irabazlea Ekaitz Goienetxea idazle eta kazetari bizkaitarra izan zan, Olatuak hausten diren lekua lanagaz. Horrezaz gan, lehiaketearen historian lehen aldiz, egile berak lortu eban epaimahaiak emondako akzesitetako bat, Zorionak kontakizunagaz. Lehiaketeak 578 jatorrizko lan jaso zituan, horreetako 39 euskeraz, eta ganerakoak gaztelaniaz.
Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituan, eta, horrezaz gan, literatura unibersaleko zenbait lan itzuli zituan euskerara eta Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu eban. Idatzi zituan lan ezagunenak Euskal harria (1968), Harrizko herri hau (1971) eta 2014an 50 urte bete zituan Harri eta herri (1964) olerki liburuak dira.