Koldo Mitxelena sariak jaso ditue UPV/EHUko bost doktorek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 16a, 00:00

Euskerazko Tesien IV. Koldo Mitxelena sariak gaur goizean jaso ditue Ostaizka Aizpuruak, Igor Ayestak, Oihane Jakak, Urtzi Ruiz de Azuak eta Ibon Egañak. Bi urterik behin deitzen diran sariok bost jakintza-arloetan banatzen dira UPV/EHUko ikerketea bultzatzeko: Zientziak; Injinerutzea eta Arkitekturea; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Artea eta Giza Zientziak.

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin dan IV. Koldo Mitxelena sarien banaketa ekitaldian saiok antolatzen dituen bi erakundeetako ordezkariak izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita euskaltzain oso eta Iker sailburua; eta UPV/EHUrenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Jon Zarate Euskerearen arloko errektoreordea.

Iñaki Goirizelaiak azken 40 urteotan euskereak izandako bilakaerea goraipatu dau ekitaldian, eta Euskal Herriko Unibersidadeak ekarpen bikaina egin deutsola eginkizun kolektibo horri gaineratu dau. Gure hizkuntzeak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez be, euskerea lanean erabiliko daben ikertzaileak behar ditu, eta UPV/EHUk gogotik egin dau lan arlo horreetan guztietan, esan dau.

Bestalde, Andres Urrutiak zorionak emon deutsez irabazleei eta bide horretan jarraitu deien eskatu. Euskaltzaindiaren lanak oso-osorik aintzat hartu dozuez, zuen eremuko gaiak euskeraz ikertu dozuezalako eta gero gai horreek gizartean isla izango dabelako, hau da, euskerea jagon egin dozuelako, tresna zientifiko eta akademiko lez hartuz eta zabalduz, adierazo dau euskaltzainburuak.


Ekarpen bikotxa

2008an, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria sortu eben, euskerazko ikerketak bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia esperimentalak; Injinerutzea eta Arkitektura zientziak; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Giza Zientziak.

Sarion bitartez, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak euskerazko tesien ekarpen bikotxa goraipatu nahi dabe, batetik jakintzearen arloa zabaltzen laguntzen dabelako, eta bestetik, euskerearen normalizazinoaren prozesuan be guztiz lagungarriak diralako.


Saritutako tesiak

1. Zientziak: Irabazlea: Ostaizka Aizpurua Arrieta. Doktorego tesia: Myotis capaccinii saguzar hatz-luze arrantzalea: aldaketa trofikorako gako ekologikoak, sentsorialak eta jokabidezkoak.

2. Ijinerutzea eta Arkitekturea: Irabazlea: Igor Ayesta Ereño. Doktorego tesia: Polimerozko zuntz optiko aktiboen ikerkuntza, laser eta anplifikagailu gisako funtzionamendua hobetzeko.


3. Osasun Zientziak: Irabazlea: Oihane Jaka Irizar. Doktorego tesia: LGMD2A gerrietako muskulu-distrofiaren adierazpen-analisiaren aplikazioa gaixotasunaren diagnostikoan, eta sagu-ereduan eta giza eredu zelularretan oinarritutako karakterizazio fisiopatologikoan.

4. Gizarte eta Lege Zientziak: Irabazlea: Urtzi Ruiz de Azua Ormaza. Doktorego tesia: DBHko ikasleen euskararekiko jarrera linguistikoak, motibazioa eta errendimendu akademikoa.

5. Artea eta Giza Zientziak: Irabazlea: Ibon Egaña Etxeberria. Doktorego tesia: Kritikarako hurbilketa literaturaren soziologiatik. Egunkari eta aldizkarietako euskal literatur kritikaren analisia (1975-2005).

Osorik irakurri