Urtarrilaren 26tik zezeilaren 2ra artekoa izango da 2015eko Zinegoak, LGTB gaien inguruko zinemaldia. Guztira, 97 obra egongo dira, bost kontinenteetatik etorritako autoreenak. Aurtengo nobedade nagusietako bat, euskerearen presentzia handiagoa izango da. Fikzinozko film laburren erdia euskerazko azpitituluakaz ikusi ahal izango da eta hiru ziklo osorik egongo dira euskerazko azpitituludunak. Beste nobedade bat Ohorezko Zinegoak sarietan egongo da, bat barik, bi emongo dituelako aurten. Miguel Albadalejo eta Fernando Diez sarituko ditue.
Zinegoak jaialdia Bilboko gune askotara zabalduko dabe. Zinemaldiaren zazpi egunetan, ia ehun film proiektauko dira eta hamaika areto lortu ditue horretarako. Aurreko urteetako ohiko guneez ganera, aurten La Karpinteria de Histeria, Expogela eta Charada be Zinegoaken egoitza izango dira. Dobako ekintzen kopuruak be gora egin dau, tartean, debaldeko 20 proiekzinogaz.
Ziortza Gezuraga jaialdiko komunikazino arduradunak azaldu dauenez, autengo edizinoak dakarzan barrikuntza nagusien artean, euskerearen alorrekoak nabarmendu nahi ditue. Euskerearen presentzia areagotzea izan da gure helburuetako bat, dino Gezuragak. Holan, film laburren ia erdia jatorrizko bertsinoan eta euskerazko azpitituluakaz disfrutau ahal izango da. Hiru ziklo osorik egongo dira euskerazko ikusleentzat egokituta. Euskerearen aldeko apustua egin nahi izan dogu, azpimarratu dau Gezuragak.
Zinegoaken ikusi ahal izango diran 97 filmen artean, bederatzi Euskal Herrikoak izango dira. Lau film luze, beste horrenbeste labur eta itzal-kontaketa bat aurkeztuko ditue euskal egileek oraingo honetan. Gezuragak Javier Arriagaren eta Guillermo Llagunoren El primer ultimo dia nabarmendu dau, esperimentu bisual baten modukoa da, pelikula berezia. Guztira, 28 herrialdetako obrak aukeratu ditue, tartean mundu mailako estreinaldi bat eta Euskal Herrian lehenengoz ikusiko diran 28 film.
Umezaroko eta nerabezaroko zikloa be indartuta dator aurten. Berdindu erakundea babesleen artean sartu da, ziklo hori sendotu ahal izateko, azaldu dau Ziortza Gezuragak. Berdindu, lesbiana, gay, transexual eta bisexualei arretea emoteko Eusko Jaurlaritzearen zerbitzua da. Bestetik, Hegoak alkarte antolatzailearen eskutik, sari barri bat emongo da aurten, film laburren alorrean. Familia dibersidadea ondoen erakusten dauen lanari emongo jako, zehaztu dau Gezuragak.
Zinegoak jaialdiak 73.000 euro inguruko aurrekontua eukiko dau, antolatzaileen arabera. Aurreko urteko prezioei eutsiko deutsie aurten. Sei film ikusteko bonoa 20 euroan salduko dabe eta sarrera solteak bost euroan. Ikuslearen egunean (martitzen, eguazten eta eguenean), lau eurora bajatuko dabe salneurria. Zabaltze ekitaldia, urtarrilaren 26an, lehenengo aldiz dobakoa izango da eta itxiera ekitaldiko sarrerak, zezeilaren 2rako, sei euroan erosi leitekez.
Aurten sari berezi bi emotea erabagi dabe Zinegoak jaialdiko antolatzaileek. Batetik, Ohorezko Saria Miguel Albadalejo zinemagile espainiarrari emongo deutsie. Ziortza Gezuragaren ustez, Albadalejo zinegile ahaztua da, ibilbide bikaina dauka baina azkenaldion bere lanek ez dabe arreta handirik erakarri eta, horregaitik, bere obreari balioa emon nahi deutsagu. Beste saria, Ohorezko Sari Berezia, Fernando Diez produktore bilbotarrarentzat izango da. Urtebetean LGTB gaietako hiru film egin dituan lehenengo zinemagilea da Europan, argitu dau Gezuragak.
Ohiko moduan, behin Zinegoak amaituta, Hedapena atalaren txandea izango da. Ziklo horri esker, Bilbon ikusitako pieza nabarmenenak beste herri batzuetan disfrutau ahal izango ditue. Zinegoak Hedapena, aurten, sekula baina oparoagoa izango da, hamalau herritara helduko da eta. Hain zuzen be, Gipuzkoako lau herritara (Donostia, Tolosa, Errenteria eta Hernani) eta Bizkaiko hamarretara (Getxo, Leioa, Sopela, Durango, Berriz, Sestao, Basauri, Portugalete, Gernika eta Igorre).