Aintzane Agirrebeña: 'Elorriarrak harro dagoz euren euskereagaz, eta hori pozgarria da'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 19a, 00:00

Orain arte gitxi ikertutako Elorrioko euskereari buruzko liburua aurkeztu eben hontsu Aintzane Agirrebeñak eta Juan Martin Elexpuruk, Elorrixoko berbetia. Elorrioko Udalak 2009an ateratako bekearen emoitzea da beharra. Herriko euskerea jaso eta aztertu dabe Badihardugu alkarteko kide biek, eta horretarako batez be Elorrioko Ahotsak proiekturako egindako grabazinoak erabili ditue. Danetara, 30 elorriar alkarrizketau ditue, zaharrena 1919an jaioa. Liburuko eduki guztiak eta grabazinoak webgune batean batu ditue, ganera. Sarrera historikoa Cesar Gallastegik idatzi dau, Elorrioko euskeraz idatzitako agiriak aztertu ditu horretarako, benetan lan polita egin dau, Agirrebeñaren esanetan.


1.- Beka bat izan zan egitasmo honen abiapuntua, ezta?

Elorrioko Udalak bekea atera eban, eta Badihardugu alkarteak lortu eban, bai. Hasieran planteu genduan gramatikea eta betiko edukiak jasotea, ohiko atal bardinak. Baina, beste proposamen bat be egin genduan, Elorrion Ahotsak proiekturako egindako grabazinoak erabiltea, gauza desbardina egitea. Hainbat lekuko alkarrizkertau genduzan, eta hori izan da lanaren oinarria.


2.- Elorrioko Ahotsak proiektuko materialetik abiatu zarie, orduan?

Bai, Ahotsak-erako egindako alkarrizketak hartu doguz oinarria moduan. Leku bateko euskerea jasoteko lagin bat behar da, hango euskerearen ezaugarriak aterateko. Grabazino horreekaz batera, beste iturri batzuk erabili doguz, liburuetan jasota dagozan Elorrioko euskereari buruzkoak, eta herriko lan-talde batek be laguntza handia emon deusku zalantzak argitzeko. Dokumentazino lana be egingo dogu, beraz.

Badago lan bat, argitaratu barik dagoana, Garaizabal neba-arrebek Elorrioko hitanori buruz idatzitakoa, I. Elorrixon euskararen eta hika formen egoera / II. Elorrixon hika aditz era, iturri lez erabili doguna, eta beste bat, Yrizarrena, Morfología del verbo auxiliar vizcaíno.


3.- Elorrioko euskerea gitxi ikertu dala dinozue liburuaren sarreran, hutsunea egoan?

Lan gitxi dagoz, eta dagoana beste lan baten barruan, atlas etnolingistikoan, edo Yrizarren lanean. Baina lan zehatzik ez egoan, guk Garaizabal neba-arrebena da ezagutzen dogun bakarra.


4.- Eta zer dauka berezi Elorrioko euskereak?

Galdera gatxa da. Herri bakotxeko euskereak beti dauka zeuzertxu berezia. Ni ez naz Elorriokoa, eibartarra naz, nahiko hurrean dago, eta ez da hainbeste be aldatzen euskerea, baina... Konturatu nintzan aditzetan, jata edo jako esan ordez, xata eta xako esaten dabela, ahoskera horregaz. Xa garbia egiten dabe, herrian behintzat. Inguru honetan Oñatin bakarrik egiten zala pentsetan neban... Horrek atenzinoa emon eustan, esaterako.


5.- Herriko sasoiko gizon-emakumeak alkarrizketau dozuez, zelan hartu zaitue?

Oso ondo hartu gaitue. Herriko jenteak lagundu deusku harremanetan ipinten. Poz-pozik, ateak zabalik, hartu gaitue euren etxeetan. Eskertzekoa da. Euskerea aldatzen doa eten barik, gazteek nahaste handiagoa daukie; eskolan euskera batua edo bizkaiera jasoa ikasten dabe, telebisinoa be hor dago, alboko herrietako berbak be hartzen doguz... Euskera garbiagoa eta bertakoagoa jaso guran jo genduan jente nagusiarengana. Lan-taldean, dana dala, jente gazteagoa be euki dogu. Berba asko galdu dira, baserri girokoak-eta, gizartea aldatzen doa, eta orain teknologiaren inguruko berba barriak sortzen dabilz.

Elorriarrei euren euskereagaitik be galdetu geuntsen, eta askok erantzun euskuen euskerarik onena Elorriokoa dala, eurena. Harro dagoz euren euskereagaz, eta hori pozgarria da.


6.- Pozgarria benetan be! Bizkaieradunak konpleju asko izaten ditu normalean...


Hemen inguruan be holan da, bertako euskereagaz konpleju handia dauka jenteak. Penagarria da. Eibarren, berbarako, konpleju handia egon da, eta horregaitik erdaldundu zan belaunaldi bat batez be. Gureak ez dau balio, euskera txarra da... esaten zan, eta erderarako joerea hartu da.


7.- Alkarrizketetan Elorrioko euskeraz aparte, beste hainbat kontu jaso dozuez, ezta?

Elorrioko Ahotsak proiektuan bertako euskerea batzeagaz batera, lehenagoko kontuak be batzen dira, ohiturak, kanta zaharrak eta abar. Auzo guztietakoak, emakume eta gizonezkoak, lanbide desbardinetakoak... batzen ahalegindu gara. Aberastasun hori jaso nahi izan dogu.


8.- Webgunean hainbat grabazino eta informazino dago, liburua baino zabalagoa da.

Dijitalidadea enpresea arduratu da webguneaz. Danetariko edukiak sartu ditu, alde batetik liburua bera, ezaugarri gramatikalak, eta bestetik, bideoak. Oso txukun geratu da. Liburuan ezin da dana sartu, baina webgunean linkak ipini geinkez. Hiztegia, adibidez, oso ondo geratu da. Ia berba gehienek linka daukie, holan, berbearen esanahiaz aparte, personea entzun zeinke bera hori erabilten, testuinguru baten barruan.


9.- Elorrixoko berbetia egitasmoa amaitu da, ala...

Aurkezpenean esan neban lez, hau oinarria besterik ez da. Herriko jentea animau neban, filologoak eta zaletasuna daukienak, lanagaz segidu daien. Gehiago sakontzeko aukera bat da.


10.- Dana dala, gauza batzuetarako denporea kontran daukazue. Ezinbesteko dogu gure aurretikoen ondare hori jasotea; betiko galdu aurretik batzea dinozue liburuan.

Jente nagusia alkarrizketatzeko denporea kontra daukagu, bai. Ahotsak proiektua hasi zanean, 1905ean jaiotako jentea alkarrizketau genduan, orain hori ezinezkoa da. Gauza batzuk batu doguz, lagin bat jasota dago, eta hor egongo da konsultarako. 


11.- Badihardugu alkarteko kidea zara, ze lan egiten dozue?

Badihardugu euskera alkartea orain 15 bat urte sortu zala. Deba Ibarrean konpleju handia egin da bertako euskereagaz; konpleju hori kendu eta bertako euskerea bultzatzeko sortu zan alkartea. Hamazazpi herri hartzen ditu: Gipuzkoako, Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Elgeta, Soraluze, Bergara, Arrasate, Antzuola, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzaga; Bizkaiko, Mallabia eta Ermua; eta Arabako, Aramaio. Euskera batuagaz eta hemengo konplejuekaz egur handia emon jakon euskalkiari. Euskalkiak be bere lekua daukala uste dogu, non eta zelan erabili jakin behar da.

Etxekoagaz harro egotea garrantzitsua da, bestela erderara joten da eta. Nire euskerea txarra da, esaten da askotan. Hemen badago oraindino konplejua, eta umeei batuaz egiten ahalegintzen dira asko. Gero be hori ikasten dabe ikastolan, dinotsue. Ikastolan ikasiko dabe, ondo, bana etxean... Biak ikasi ezkero, hobeto, ezta?

Osorik irakurri