Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta Peopleing sormen agentziak proiektu fresko eta barritzaile bat martxan jarri dabe, mikroantzezlanen bidez, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bardintasunaren alde lan egiteko, gizartean dagozan estereotipoak apurtzeko eta arlo guztietan emakumezkoen parte hartzea sustatzeko. Microteatro para iguales, para diferentes y para mí proiektua emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bardintasuna sustatzeko, horretaz sensibilizetako eta horretan laguntzeko sortu da. Mikroantzezpenen formatua erabiliz genero ikuspegia eta kultura bateratzean oinarritutako ekimena da, antzerki munduko profesionalei eta amateurrei zuzenduta.
Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez, amateurren saila ikasketa prozesu moduan dago planteauta. Gidoi eta antzezpen tailerrak izango ditu eta dobakoak izango dira. Tailer horreetan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bardintasuna eta artearen alderdi batzuk landuko ditue parte-hartzaileek.
Gidoi eta antzezpen tailerrotan edozeinek parte hartu leike, eta dobakoak dira (aurretik izena emonda). Hogeita bost lagunentzako tokia dago gehienez. Talde profesionalek zein amateurrek antzeztuko dituen lanen hautaketea epaimahai batek egingo dau, eta honek, alde artistikoaz gan, testuaren eta antzezpenaren egokitzapena balorauko dau, hau da, deialdiaren helburuakaz eta testuinguruagaz bat etortea balorauko dau epaimahaiak.
Antzezpen zikloan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago. Mikroantzezpenen formatuaz gehien jota 15 minutuko iraupena dauen antzezlan bat antzezten da, gehienez 15 ikuslerentzat. Artista eta ikuslea batu egiten dira eszenatokian, 15 metro koadro baino gitxiago dauen gela batean. Proiektuko antzezpenak martiaren 5etik 8ra izango dira, Ercilla hoteleko geletan, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko.