Alex Niggemannen techno-house doinuek abiatuko dabe 2015eko Art After Dark egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 19a, 00:00

Alemaniatik datorren Alexander Niggemann musikaria izango da aurtengo lehenengo Art After Dark ekimeneko protagonistea, urtarrilaren 23an. Lehenago, Chazbo eta Madelman igongo dira eszenatokira musikea ipinteko. Emonaldiak 22:00etan hasiko dira, eta entzuleek Guggenheim museoko erakusketak ikusteko aukerea eukiko dabe bien bitartean.

Bilboko Pink Fever klubeko DJ egoiliarra dan Madelman musikagile eta produktoreak eskainiko dau lehenengo saioa.  Chico y Chica taldeko kidea da, eta hainbat urte daroaz musikea ipinten. Hamar urte luzez entzuleak erakarri ditu, entzule horreen adina edozein dala -dinoe ekimenaren arduradunek- Bere estiloa bihurria, modernoa eta originala da, eta maila berean nahasten ditu bat-bateko estiloa eta sofistikaua.

Ostean, 23:00etan, Londresko Chazboren txandea izango da. UK Dub izeneko estiloaren aitzindaria izandako Bush Chemist bandearen hasierako kideetakoa da. 1992tik, Conscious Sounds estudioan dabil produktore eta musikagile. Orain ia hamar urte Roots Temple zigilua sortu eban.

Eta, gauerdian, Alexander Niggemann izango da nagusi eszenatokian. Europako erdialdeko techno-house eta minimal musikearen oinordekoa da, eta haren estiloak Chicago eta Detroiteko technoaren antza dauka. Hainbat diskoetxek kaleratu ditue bere lanak, esaterako, Ostwind Records, Micro.fon, Supernature eta Tsuba Records etxeek. Bere lehenengoa diskoa Paranoid Funk izan zan; 2013an, Tangram atera eban; eta, igaz, Materium.

Urtarrilaren 23ko gauean Guggenheimera, 22:00etatik 1:00era datozanek, musikeaz gozeteaz aparte, momentu honetan ikusgai dagozan erakusketak bisitau ahalko ditue: Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak eta Rineke Dijkstraren The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK bideo-sorkuntzea. 

Osorik irakurri