Alex Txikonek (Lemoa, 1981) erronka ederra dauka Pakistanen. 8.126 metroko mendi hau munduko bederatzigarren altuena da eta Pakistango bigarren altuena. Himalaia mendikatearen mendebaldeko muturrean kokatua, neguan eskalau barik geratzen diran bi ‘zortzimiletako’ bat da, K2agaz (8.611 m.) batera. Izan be, alemaniarrek ‘mendi hiltzailea’ ezizena jarri eutsien eta K2 mendiaren tontorrera ez da inor heldu urteko urtarorik hotzenean. Eta ez da interes faltagaitik izan.
1989ko lehen saiakera haretatik hona, hogei bat espedizino ahalegindu dira Nanga Parbat neguan eskaletan, baina zapaldutako punturik altuena 7.800 metrokoa izan da (1997an).
Alexek be ekinaldia egin gura dau, eta horretarako lehenengo aldiz hurreratuko da Nanga Parbatera, ez dauelako sekula lehenago bertan eskalada saiorik egin. Diamir aldetik igon nahi dau, baina behin betiko bidea bertan erabagitea pentsau dau: Baliteke Kirshoffer bidea aukeratzea, edo akaso Messner bidea; han erabagiko dogu, baldintzak lekuan bertan ikusi ostean. Nanga Parbatek ez dau bide errazik eta orain arteko esperientziek eta behaketek erakutsi dabenaren arabera, bide arruntaren (Diamir aldeko Kirshoffer bidea) zailtasun mailea nabarmen areagotzen da neguan ibilbidearen baldintza bereziakaitik. Beraz, Alexek behe kanpalekura heldu arte itxarongo dau bidea erabagiteko, baina argi dauka oxigenoa lako bitarteko artifizialik ez dauela erabiliko.
Prebisinoen arabera, aste amaierarako behe kanpalekura helduko da Alex. Espedizinoak luze joko dau, bi hilebete pasatxo; 50-‐60 egun bitarteko egonaldia behe kanpalekuan, ohikoaren bikotxa, batez be eguraldi txarraren eta bidearen zailtasunen ondoriozko itxaronaldiakaitik. Horrenbestez, mendiak berak eta aukeratutako datak kontuan hartuta, egun Himalaian plantea daitekeen mendi-‐erronka handienetako baten aurrean dago Alex Txikon.
Lantaldea
K2 mendian saiakerea egiteko egoan taldea desegin bada be (Denis Urubko kazajistandarra eta Adam Bielecki poloniarra ez dira proiektu honetara batuko), Alex ez da bakarrik ibiliko. Oraingo honetan, Pakistango aspaldiko lagun bi izango ditu sokalagun: Muhammad Ali ‘Sadpara’ (Sadpara herrikoa) eta Muhammad Kan (Macholu herrikoa) dira, biak ala biak Himalaian esperientzia handikoak; lehenengoak munduko 14 mendi altuenetako 13ren tontorreraino heldu da eta bitan eskalau dau Nanga Parbat. Muhammad Kanek, bestalde, Nanga Parbat, Gasherbrum1, Gasherbrum2 eta K2 igon ditu.