Zornotzako Uxarte sagardotegian antolatu dau ekitaldia Bizkaiko Sagardaogileak alkarteak. Aitor Elizegi Bascook jatetxeko kozinerua arduratu da aurtengo sagardaoa ikusi, usaindu eta probeteaz. Irene Pardo Nekazaritza diputadua be bertan izan da.
Montorra auzoko Uxarte sagardotegiak hartu dau aurtengo sagardao denporaldiaren hasiera ekitaldia. Bizkaiko sagardaogileentzat egun berezia da, dinoe alkarteki kideek. Irene Pardok Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eskaini deutsie sagardaogileei, euren jardunean aurrera egin deien, eta nabarmendu dau zer lan garrantzitsua egiten dauen Zallako Frutagintza Estazinoak, sagarraren arloan bere bai, horretarako dauen upeltegi esperimentalaren bidez.
Produkzino txikia egiten dabela azaldu dau Pardok, 1.000 litro inguru, zentroak dituan bariedadeekaz, hainbat teknika aztertzearren. Horrezaz gan, aurton saiakera txiki batzuk egingo dirala aurreratu dau, eta estazinoan daukiezan landaketak berrantolatu ere egingo ditue.
Bizkaiko Sagardaogileak alkartea 1994an sortu zan. Gaur egun hamar artisau-upeltegik osotzen dabe alkartea: Etxebarria upeltegia (Gatika), Leartibai Sagardoa (Gizaburuaga), Uxarte upeltegia (Zornotza), Malgarrazaga upeltegia (Gatika), Axpe upeltegia (Markina-Xemein), Kandi Sat upeltegia (Muxika), Laka-Erdi upeltegia (Berriatua), Erdikoetxe upeltegia (Lezama), Isasi upeltegia (Iurreta) eta Sebastianeko upeltegia (Mendexa).