Parlamentuko lexikoa bateratuko dabe Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 22a, 00:00

Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak parlamentu-lexikoaren bateratze-lana egiteko konpromisoa hartu dabe. Horretarako, bi erakundeen izenean, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Alberto Catalán Parlamentuko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmenean jasoten dan legez, Nafarroako Parlamentuak euskerazko datu- eta agiri-base bat dauka, Legebiltzarreko zerbitzu teknikoek egindako itzulpen lanak gordeteko beharraren ondorioz sortutakoa. Datu-baseak euskerazko terminologiako eta parlamentu-lexikoko balio handiko funts bat dauka eta orain gorde eta gaurkotu nahi da parlamentu-esparruko beste erakunde batzuekaz be lan eginez.

Euskaltzaindia hainbat erakundegaz lan bat egiten dago Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan erabilten dan parlamentu-lexikoa bateratzeko.

Kontuak kontu, Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Parlamentuaren eretxiz, komenigarria eta beharrezkoa da parlamentu-lexikoa bateratzea, bien esku jarriz euskeraz egindako ahozko berbaldiak eta testuen tratamenduan eta itzulpenean espezializautako unidade administratiboek daukiezan zenbait erakundetan egindako lanak, bai eta euskerazko testuak eta agiriak Euskaltzaindiak koordinautako lantaldearen eskura jarriz be.

Beraz, parlamentu-lexikoa bateratzeko helburuagaz, Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu erabilgarri dagozan testuak, lexikoaren lematizazinoari, etiketatzeari eta kasuko oharpen linguistikoari ekin deiotsen. Lan horretan, Eusko Legebiltzarrak eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusiek be parte hartuko dabe.

Bestalde, sinatu barri daben hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindia garatzen dagoan Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuaren testuak erabili ahal izango ditu.
 

Osorik irakurri