Leire Gartzia Rivero: 'Kimikearen garapenak ezagutzen dogun bizimodu nasaia ahalbidetu dau'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 26a, 00:00

Leire Gartzia Rivero (Gernika-Lumo, 1986) 2009an lizentziau zan Kimikan (EHU) eta hogeita hamar urte bete orduko masterra egin dau "material barrietan”, Eusko Jaurlaritzako beka predoktorala lortu be bai eta Doktore Internazional moduan graduau da abenduan, Cum Laude, hatan be. Bitartean, makina bat ordu pasau ditu laborategietan nahi Europatik zehar; makina bat orri pasau kimika-liburuetan; eta makina bat kontu errepasau deuskuz Bizkaie!-rako, nork eta makina batek: Leirek.

Sano teknikoa da kimikearen mundua, eta nik batxilergoko mahairen baten ahaztu neban teknika apur ha. Horregaitik, Leirek lagunduta ekin deutsat alkarrizketeari. Neska bizkorra besteko fina eta fina besteko prestua EHUn, Kimika Fisikoko Sailean dabil beharrean, Espektroskopia Molekularreko taldean. Antxina barik presentau dauen tesiaren izenburua, barriz, hurrengoa: Molecular Antennas and Photoactive Nanomaterials based on Energy Transfer Processes.

Ilusinoa Enologian ipinita hasi eban Leirek aitatu dodan bide luze hori. Izan be, bardin Enologia nahi sukaldaritzea ez jakoz ezezagun egiten bere gurasoei eskerrak. Bere aita, Javier Gartzia, Boroa Jatetxeko sukaldari ezaguna da eta amak, barriz, ez dakit ba ez ete dauen oindino hobeto kozinetan. Gaurkoan, euren alabeak eta kruselua hurreratuaz, kimikeari sarriegi ikusten deutsaguzan gerizpeak argituko deuskuz. Beste barik, Leireren berbakaz itxiko zaituet:


1.- Zein izan zan Kimika ikasteko arrazoia? Kimika arloan, zelan dago EHU Europa mailan?

Hasiera baten Kimika ikastearen arrazoi nagusia enologiaren mundua izan zan batez be. Behin, batxilergoko 2. mailan nengoala, gurasoakaz upategi bat bisitau neban Errioxan eta, bertako enologo bategaz barriketan ibili ostean, hain interesgarria eta mamintsua eretxi neutsan mundu horri, argi ikusi neban hori zala ikasi gure nebana. Berau ikasteko sarbideetako bat Kimikako lizentziaturearen lehenengo zikloa zanez, bertatik hasi nintzan, gero enologiaren esparrura heltzeko asmoz, momentuz ailegau ez nazen arren.

Bestetik, Europa mailara begira esango neuke EHUk ez bakarrik kimika arloan, orokorrean, maila zientifikoari jagokonez, aurrerapausu itzela egin dauela azkenengo hamarkadan. Izen be, 2010. urtean EHUk Nazioarteko Bikaintasun Campusaren zigilua lortu eban, Euskampus izeneko proiektu bati esker. Hori urte askoren osteko behar eta esfortzuaren adierazgarritzat ikusi geinke. Egia esan, neure partetik ikusi dodana da Euskal Herrian, Espainiako Gobernuagaz konparauta, apustu gogorra egiten dala Zientzia eta Teknologia sustatzeko asmoagaz: ikerlari gazteak trebatu, proiektuetarako diru-laguntzinoak emon…  


2.- Zelangoa da egun bat laborategian? Hainbeste aparajuren artean, inoz euki dozu sustutxuren bat?

Gatxa da laborategiko lanegunak patroi bakar batez deskribidutea, baina normalean lehenengo egiten dodana esperimentua diseinetea da; hau da, zer egingo dodan ondo planifikau eta, gero, martxan jarri. Segiduan, laginak prestau eta, gero, horren karakterizazinoa egiten dogu: propiedadeak neurtzen doguz eta, azkenik, lortutako datuak tratau eta interpretau behar izaten  dira. Beraz, batzuetan denpora nahikotxu pasetan dogu ordenadore aurrean emoitzak ulertzen, artikulu zientifikoak idazten, ikertzen gagozan gaiaren inguruan ikasten…

Gauza asko eta desbardinak egitearen ostea, baina ez justifikazinoa, izan leike behin laborategian gertatutako istripua. Ordenadorean lanean nengoala, erreakzino bat geldiarazoteko asmoagaz sartu nintzan prisaz laborategira eta ontziak laban egin, barruko sustantzia korrosiboak salto egin eta ezkerreko begia erre eustan. Zorionez susto bat baino ez zan izan, baina nire errua izan zan, betaurrekoak jarri barik eukitearren. Segurtasuna ezinbestekoa da laborategian eta, batez be, sustantzia arriskutsuakaz bagabiz.


3.- Urteak egin dozuz tesia preparetan... Danok aituteko moduan azalduko zeunke zer prestau dozun?

Nire tesia argiagaz interakzionetan daben material barrien garapenean oinarritzen da batez be. Material honeek hainbat aplikazinotan erabili ahal dira; berbarako, laser-igorle moduan, argia konzentretako gailuetan edota zelula fotoboltaikoen efizientzia hobetzeko lanetan. Danok ulertzeko moduan, material honen berezitasuna da eguzkitik datorren argi-kantidade handiena batzea, energia ahalik eta gehien aprobetxetako. Hobeto ulertuko dogu ostadar baten irudia burura ekarten badogu, koloreakaz osotuta. Eguzkiaren erradiazinoa zuria da izatez, baina euri-tantak zeharkatzerakoan, horreek prisma baten moduan jokatzen dabe, argia koloreetako erradiazinoan banatuz. Beraz, esan geinke eguzkiaren argia izatez kolore askoz osotuta dagoela. Horren harira, guk garatutako materialen helburu nagusia eguzkiaren espektro ahalik eta zabalena xurgatzea da (kolore urdina, berdea, horia, gorria); hau da, ahalik eta kolore gehien batzea, gero argi hori modu eraginkorragoan energia elektrikoan eraldatzeko. 


4.- Doktore Internazional legez graduau zara. Horretarako, Europako Unibersidade batera joan zinan ikerketan segiduteko. Zelangoa izan zan Suitzan egin zenduan egonaldia? Zein zan zure zeregina bertan?

Benetan oso aberasgarria izan zan bertan egin neban egonaldia. Hiru hilebete emon nituan Friburgoko Unibersidadean, Peter Belser irakaslearen ikerkuntza-taldean: asko ikasi neban, arlo guztietan. Talde horrek urte askoko esperientzia dauka nik lan egiten dodan esparruan, eta bertara joan nintzan gehiago ikasteko asmoz: benetan merezidu izan eban! Esan beharra daukat ikerkuntzaz aparte, bertako gaztai eta txokolateaz be gozau nebala eta zelan, ganera! Izan be, fondue egiten ikasi neban eta, azkenean, ia suitzarrak baino trebeagoa egin nintzan (kar-kar). Gaztaiaren maitalea bazara eta mendiak gustuko badozuz, duda barik bisitau beharreko lekua Suitza. 


5.- Zure aitak ederto daki zer dan sukaldaritzea eta sukaldaritza modernoa be bai. Lagun ona izan zeintekez bertarako...

Bai, bueno, egia da azkenaldian gero eta arruntagoa dala kimikariak eta sukaldariak alkarlanean ikustea. Gauza interesagarri asko atera ahal dira bertatik. Izan be, ezagutzen dot tesia egin eban gazte bat, Kimika Analitikako Sailean, hain zuzen, Eneko Atxa sukaldariagaz ibili zana teknika barriak garatzen. Sinbiosi horrek, azken finean, ohiko sukaldaritzarik harago dagoan sukaldaritza-kontzeptua garatzea ahalbidetzen deutsie sukaldariei. Nozonoz pasau jat burutik aitagaz batera zeozer egitea, baina horretarako diru-laguntzino nahiko sendoa behar da atzean eta ez da horren tribiala. Dana dala, benetan esperientzia polita izango litzateke.


6.- Aspaldion kimika berbeak zeozelango kutsu negatiboa hartu dau. Esate baterako: ez eizu hau edo bestea jan kimiko asko ditu eta!. Ze eretxi dozu horren inguruan?

Egia esan, horrelako esaldiak entzutean, hasieran, hasarre paretan nintzan, baina gaur egun arnasa hartu eta nire ikuspuntua azaltzen ahalegintzen naz. Nik esango neuke arazo semantiko baten ondorioa dala, batez be, ezjakintasun apurtxu bategaz nahastauta. Jenteak kimiko berbea erabilten dau, zeozer naturala ez dala esateko, baina benetan sintetiko berbea ibili beharko litzateke eta ez kimiko. Kimikea ez da naturala, ala? Gu geu kimika hutsa gara, gure DNA, ura (H2O), arnasten dogun oxigenoa (O2) eta abar luze bat. Ganera, kimikearen garapenak gaur egun ezagutzen dogun bizimodu nasaia eroatea ahalbidetu deusku, eta osasun arloan emondako aurrerapausuan ezinbestekoa izan da, hainbat eta hainbat gaixotasunen aurkako botikak garatzearren. Horretaz gan, material barrien garapenean lagundu dau, esate baterako, energia barriztagarrien esparruan, ingurumenaren iraunkortasuna bermatuz.

Alde batetik, ulergarria da jenteak kutsu negatiboa emotea; izan be, iraganean pasautako sarraski kimikoak eta kutsadurak kalte asko egin eben, baina ez daigun ahaztu gizakiak eragindakoak izan dirala; hau da, konposadu kimikoen ganeko kontrol falteak edo ezjakintasunak.


7.- Grafenoak sekulako ospea hartu dau azkenengo urteetan. Iraultza teknologiko baten hasierea al da?

Bai, iraultza teknologiko izugarria ekarri dau bere aurkikuntzeak: hain izan da garrantzitsua bere eragina, 2010. urtean Fisikako Nobel saria emon eutsien materiala topau eben Andrei Geim eta Konstantin Novoselov ikertzaileei. Harrigarria bada be, material hau karbono-geruza fin bat baino ez da, baina geruza honek atomo baten lodierea baino ez dauka! Horren mehea da, bolumenik be ez dauka! Baina adi bere propiedadeakaz: metro karratu bateko grafenozko hamaka bat egingo balebe, 4 kiloko katu baten pisua eusteko kapaz izango litzateke. Baina oraintxe dator harrigarriena: hamakeak katuaren biboteak baino gitxiago pisauko leuke eta gardena izango litzateke.
 
Ganera, grafenoa altzairua baino 200 bider sendoagoa da, diamantea baino gogorragoa eta oso eroaile ona. Bere erabilera posible guztien artean, honeek litzatekez aitagarrienak: nanoteknologian, bateria iraunkorragoen garapenean, malguak diran pantaila taktiletan, prozesadore ultra-arinetan, zelula fotoboltaikoetan, inplante artifizialetan eta beste hainbat gauzatan. Halanda be, oraindino apurtxu bat falta da grafenoa aplikazino guzti horreetan ikusteko, horretarako zientziak eta teknologiak garatzen jarraitu behar dabe-eta.


8.- Zientziari lotutako aurrekontua nahikoa dala pentsetan dozu? Hainbesteko garrantzia dauka gure eguneroko bizimoduan?

Lehenengoari, ezetz erantzungo neuskio, inongo duda barik. Argi dago gaur egun bizi dogun egoerearen ondorioa dala diruaren urritasuna, baina diru faltea baino kezkagarriagoa da zientzia ondasun basikotzat ez hartzea. Lurralde garatuenak aztertzen badoguz Europan bertan (Alemania, Danimarka, Belgika...), konturatzen gara zientifikoki be gure aurretik doazela; beraz, eskutik doaz lurraldeen garapena eta maila zientifikoa. Adibide erraz bat jartearren: Alemania, hainbat kotxeren patenteen jaubea da eta guk eurentzako kotxeak fabriketan egiten dogu lan. Beraz, guk patentearen tasak ordaindu behar doguz egiten dogun kotxe bakotxeko eta, azkenean, geu gara horretan be kaltetuak.

Bestalde, gaur egun pasetan dabilen beste gauza larri bat da ondo trebatutako jente gazteak kanpora jo behar dauela beharra topetan eta, askotan, eurak izango dira, hain zuzen be, atzerriko lurraldeetan patenteak garatu eta aurkikuntzak egingo dituenak; beraz, modu baten, beste herrialde batzuk guri jagokun zientziaz jaubetzen dira.


9.- Ze asmo daukazu hemendik aurrera? Etorkizunean ze zeregin bete gurako zeunke kimikari legez?

Ikerkuntza-munduan jarraitu gura neuke. Momentuz ikerkuntza-talde bardinean nago, Espektroskopia Molekularrekoan. Datorren urtean atzerrira joateko asmoa daukat, postdoc egonaldi bat egiten, eta bi urtekoak izaten dira normalean. Izan be, ikerkuntza-munduan jarraitzeko ezinbestekoa da atzerrian esperientzia izatea. Ikerlari moduan lan egiteko edozein deialdi bada be, kanpoan esperientzia eukitea eskatzen dabe. Eta gero ikusiko dogu… egia esan, ez daukat horretan alorrik zarratuta.


Galdera laburrak

- Elementu kimiko bat: C (karbonoa).
- Kimikari bat: Marie Curie.
- Sukaldari bat: Martin Berasategi.
- Jateko bat: Lebatza saltsa berdean.
- Liburu bat: Printze txikia.
- Abesti bat: El sitio de mi recreo (Antonio Vega).
- Biziteko leku bat: Morga.
- Bidaiatzeko leku bat: Suitza.

Osorik irakurri