Harriduraz eta pozarren entzun ditue zeanuriztarrek aurten kandelario lario aspaldiko kantua eta umeen errondea etxez etxe.
Neguko jai giroko jaia da kandelario gure herrian, baina Arratian aspalditik erdi ahaztuta egon da kopla hau eta umeen errondea egiteko ohiturea. Otain, barriz, Zeanuriko katekesiko gurasoen ekimenez, atzo, domekan, barriro entzun dira Eleizondo auzunean aspaldiko koplak.
Argiaren Jaia ospatu dabe lehenengo parrokian, eta 50 bat ume bedeinkatu ditue bertan. Ondoren, txistulari eta panderuen alaitasunez, etxez etxe joan dira umeak kantetan eta eskean. Hemen gozoki batzuk, harago intxaurrak… pozarren emon dabe domeka goiza Zeanurin.
Beraz eta jatorriz, jaia zezeilaren bigarrenean ospatzen da, baina Arratiako abade eskasia dala-eta, Zeanurin aurreratu egin dabe jai hau, neguko jai zikloaren atarira. Ondoren etorriko dira San Blas, Santa Ageda eta aratusteak. Jai honeek guztiak udabarriari begira ospatzen ziran aspaldi gure herrietan.