'Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa' erakusketearen aurkezpena Zeanurin

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 28a, 00:00

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenagaz ezagutzan dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta igazko zemendiaren 30ean haren heriotzearen 50. urteurrena bete zan. Urteurrena atxakitzat hartuz, eta garraiobide zahar haren gorabeherak ezagutzera emoteko asmoz, Zertu Kultur Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz, 'Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik' erakusketa ibiltaria antolatu dau. Inaugurazino ekitaldia, urtarrilaren 30an, barikuan, arrastiko 19:30ean izango da Zeanurin, Felipe Manterola erakusketa-aretoan.

150 argazki, zinema-irudiak, prentsa albisteak, grafikoak, tranbiako txartelak eta maketak izango dira ikusgai. Gainera, Juanjo Olaizolak —Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak— Arratiako Tranbiaren historiaren eta garrantziaren ganean egingo dau berba.

Zeanuri erakusketearen abiapuntua izango da, baina beste geltoki batzuk be izango ditu: Igorre, Areatza, Lemoa, Galdakao eta Bilbo, hain zuzen be. Azken geldialdia Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian egingo dau, eta hor urritik abendura bitartean izango da ikusgai.


Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoaren kronologia

- 1898ko abuztuaren 3an: Bilbotik Durango eta Arratiarako lurrun-tranbiaren kontzesinorako enkantearen iragarpena argitaratu eban Estaduko Aldizkari Ofizialak.

- 1898ko zemendiaren 16an: Bilbo, Durango eta Zeanuri arteko tranbiaren kontzesinoa Ángel deIturralderen esku geratzen dala ezagutzera emoten dauen Errege Agindua argitaratzen da.

- 1899ko urtarrilaren 9an: Tranvía Eléctrico Bilbao a Durango y Arratia (TBDA) konpainia sortu zan.

- 1899ko martiaren 11n: Tranbiaren lanak inauguretako ekitaldia egin zan Areatzan.

- 1899ko irailaren 2an: Tranbiaren behin-behineko inaugurazinoa, animalia-trakzinoaren bidez, Lemoa-Artea bitartean. Aldi berean, Gasteizerako autobus-zerbitzu konbinatua martxan jarri zan.

- 1900eko zezeilaren 22an: Erreal Ordenaren bidez Bilbotik Durango eta Arratiara tranbia elektrifiketako baimena emon eben.

- 1901eko bagilean: Enpreseak lehenengo tranbia elektrikoak jaso zituan.

- 1902ko garagarrilaren 5ean: Probak egiteko lehenengo tranbia Durangora heldu zan.

- 1902ko abuztuaren 1ean: Lemoa-Zeanuri tartean argindarrak mobidutako tranbien zerbitzua hasi zan.

- 1902ko urriaren 15ean: Abusuko zubiaren proba ofizialak. Sasoi haretan estadu mailan egoan hormigoi armatuzko handiena zan.

- 1902ko abenduaren 7an: Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa.

- 1911ko bagilaren 12an: Ferrocarriles Vascongados Konpainiak Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzinoak erosi zituan.

- 1937ko maiatzean: Amorebieta-Durango tarteko zerbitzua eten egin zan.

- 1938ko zemendiaren 30ean: Amorebieta-Durango tarteko bideak eta elektrifikazinoa kentzen hasi ziran.

- 1953ko urriaren 15ean: Uriolen ondorioz, Bilbo-Lemoa tarteko zerbitzua geratu egin zan. Ordutik, tranbiak ez ziran Arriaga Antzokiaren plazaraino heltzen.

- 1953ko urriaren 19an: Lemoa-Urbi tarteko zerbitzua barriro jarri zan martxan.

- 1954ko zezeilaren 24an: Bilbo(Urazurrutia) - Zeanuri tartean guztiz berrezarri zan zerbitzua.

- 1958ko urriaren 1ean: Urbi-Galdako (Plazakoetxe) tartea zarratu egin zan.

- 1964ko zemendiaren 2an: Zeanuri - Lemoa - Bilbo eta Urbi - Bilbo autobus lineak zabaldu ziran.

- 1964ko zemendiaren 29an: Arratiako tranbiaren azken bidaia eta agurreko jaialdia.

- 1964ko zemendiaren 30ean: Lemoa - Zeanuri eta Bilbao - Urbi tarteak behin betiko zarratu egin ziran. Arratiako tranbia desagertu egin zan.

- 1966ko zezeilaren 6an: Arratiako tranbiaren azken aztarna Igorreko Garbera eroan eben gomazko erroberen gainean eta lau mandok tiratuta.
 

Osorik irakurri