Euskal balea arrantzaleen ibilbidea errepetiduko dabe 2017an, Ternuarako itsas-bidaia baten

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urt. 29a, 00:00

240 pertsona batu nahi ditue, itsasontziz Kanadako ekialdeko kostalderako bidea egin eta euskaldunek han itxitako arrastoa ezagutzeko. 1565ean hondoratutako San Juan ontziko aztarnetan beharrean ibili ziran adituen azalpenak entzun ahal izango ditue partaideek. Iñaki Arizmendi euskal-amerikarrak antolatu dau abenturea, 2017rako, eta parte hartzeko interesa daukienek izena emon leikee dagoeneko.

Erdi Aroan hasita, euskal balea arrantzaleen historia oparoa da. XVI. mendean, balearen eta bakailaoaren atzetik, Ternuako kostaldera heldu ziran euskaldunak, Kanada ekialdean. Aberastasun handia sortzen eban jarduna zan eta milaka arrantzaleren ogibide bihurtu zan. Euskaldunek Kanadan itxitako ondarea berreskuratu eta gaur egungo herritarrei erakusteko asmoz sortu dau proiektua Iñaki Arizmendik. Beasainen jaio zan bera, baina New Yorken bizi da 1985etik. Nire sustraiak berreskuratu nahi dodaz euskaldunen historiaren bidez eta, ganera, Kanadako kostaldea nire bizilekutik, New Yorketik, hur dago, azaldu dau ekintzaileak.

Abenturea antolatzeko ideiea euki eta gero, lehenengo pausuak ez ziran errazak izan, bidaia erakargarri bat antolatzea gatxa izango zala berehala konturatu zan Arizmendi: Ternua eta Labradorrera joan nintzan eta jaubetu nintzan leku bakartia, basatia zala, ez oso erakargarria. Ganera, euskal baleazaleek itxitako aztarna gehienak aspaldi desagertu ziran. Halanda be, bere esperientzia alkarbanatzeko gogoa eukan eta arkeologiaren bidetik jotea otu jakon. 70eko hamarkadan San Juan itsasontzia berreskuratzeko lanean ibili zan taldeagaz bat egin eta hareen azalpenen bidez, abentura interesgarria sortzeko bidea ikusi eban.

San Juan ontzia 1565ean hondoratu zan, Red Bay badian, Ternuatik hur, Labrador penintsulan. 70eko hamarkadan topau zituan haren arrastoak, ur azpian. Manu Izagirre ibili zan zeregin haretan eta 2017ko abenturan be, bera izango da gidarietako bat. Latza izan zan San Juan berreskuratzeko lana, kontuan hartu behar da Red Bayko ura zero azpiko gradu bat eta zero ganetik hiru gradu artean egoten dala, adierazo dau Izagirrek. Gaur egun, San Juan ontziaren inguruan Red Bayn zabaldutako museoa, koipea urtzeko labeak eta euskal beharginek itxitako teilak dira ikusgai dagozan aztarna bakarrak. Itsas bidaian, azalpen zehatzak eskainiko deutsiez partaideei eta euskaldunek erabilitako portu eta badiak bisitauko ditue. Manu Izagirregaz San Juan ontzia berreskuratzen ibilitako Robert Grenier kanadiarrak be bat egingo dau espedizinoagaz, baita Latonia Hartery adituak be.

Iñaki Arizmendik ohartarazo dau, espedizino gogorra izango dala. Itsasontzian musikea, jateko ona eta abar izango ditue, baina ez da ohiko kruzeroa izango, bidaia desbardina nahi dogu, berezia. Ternuan eta Labradoren egingo dituen geldialdietan, paisaia idor eta latza topauko dabe. Manu Izagirrek uste dau, espedizinoaren erakargarritasuna norbere barruan topau behar dala: Emozinoak garatzeko aproposa izango da, jakin-mina asetzeko balioko dau.

Espedizinoan parte hartu nahi dabenek, izena emon leikee dagoeneko. 240 pertsonarentzako lekua egin dabe. The Ocean Endeavour izeneko itsasontzia lortu dabe abenturarako. Interesa daukien guztientzat, jente aurreko aurkezpena egingo dabe bihar, barikua, iluntzeko zazpiretan, Bilboko Itsas Museoan.

Osorik irakurri