Hogeita hamabost urte hitza bihurtzen arte da ALBE, Algortako Bertsolari Eskoleak aurten bere 35. urteurrena ospatzeko erabiliko dauen leloa, prentsaurrekoan aurkeztu dabenez; leloa eta logoagaz batera, urteurrena ospatzeko atontzen dagozan egitaraua be aditzera emon dabe, baita ohiko eta ezohiko jardueren filosofia be. Aurkezpen ekitaldian, Getxoko Udalak bertsolaritzeari emoten deutson laguntzinoa agirian ixteko Imanol Landak, Getxoko Alkateak, eta jarduerak antolatzeko sortutako batzordeko koordinatzailea dan Joseba Santxok hartu dabe parte. Azken horrek eskertu egin dau hasieratik Udalak beti emondako laguntzinoa.
Urte honeetan guztietan hamaikatxu ume, gazte eta nagusi pasau dira eskolatik bertsolaritzea lantzeko. Erreferente bihurtzea lortu dau ALBEk, ez bakarrik kopuruagaitik, baita kalitateagaitik be, oso emoitza onak, puntako bertsolariak lortu ditualako. Oso hur dogu, Bizkaiko azken Txapelduna, Fredi Paia, ALBEko kidea, hain zuzen. ALBE segurutik Euskal Herriko bertso eskola indartsuenetako bat da, eta bere lanak emoitzak emon eta emoten segiduko dau. Esangura horretan berezia da Getxo moduko herri batean bertsolaritzea hain arrakastatsua izatea. Esan geinke, bertsolaritzea Getxon sustraituta dagoala, nabarmendu dau Alkateak.
ALBE orain 35 urte sortu zan Uribe Kostan bertsolaritzea zabaltzeko eta gure herriko kulturea sustatzeko. Uste dogu, duda barik, hori lortu eta lortzen dagoala arrakasta handiz eta seguru gagoz bide horretan segiduko dauela. Udalak aurrera daroen jarduereari laguntzeko, beti bitartekoak ixten eta diru-laguntzinoak emoten segiduko dau pozik. Oso harro sentiduten gara ALBE udalerrian eukiteaz, orain arte aitatutako guztiaz gan, ondarearen ikuspegitik, euskerearen transmisinoaren ikuspegitik, kalidadea, balio erantsia be emoten deuskulako, amaitu dau Imanol Landak.
Urteurrena
Joseba Santxok azaldutakoaren arabera, urteurrenak aukerea emongo deutse Eskolearen historia barrikusteko, Hasieratik proiektuan sinistu eben eta egun sinisten dabenei esker ona adierazoteko, gaur egungo proiektuan dabilzanei harrotzeko moduko ibilbidea erakusteko eta etorkizunean etorriko diranei egitura eta oinarri sendoa ixteko. Horretarako Eskoleak urtero egiten dituan ekitaldietan (25-30) urteurrenari keinua egingo deutsie. Esate baterako ABRA Sarian parte-hartzaile barriak konbidau beharrean, orain arteko edizino guztietako txapeldunak alkarren lehian jarriko ditue. Horregaz batera, hiru ekitaldi nagusi izango dira urtean zehar. Lehenengoa aurkezpen-ekitaldia izan da bart 20:00etan Algortako Usategi kafetegian. Bigarrena, irailean izango da, bertsoa eta jantzak buztartuko dituan ekitaldia, inguruko jantza taldeakaz alkarlanean, eta hirugarren ekitaldi berezia abendu aldean izango da, urteari eta urteurrenari amaierea ipinteko, gala handi bategaz.
Ekitaldi guztietan berbea arteagaz lotu nahi dituan Hogeita hamabost urte hitza bihurtzen arte logo barria izango da, bertsogintzea, berbearen artea be badala gogoratzeko. Idea hori irudiz janzteko, Kandinskyren Inprovisation pinturea erabiliz, Itsaso Bartolomék logo barria diseinau dau, bi bertsolariren ahoa erakusten dituan hasierako logoa eta artearen idea batu ditu. Logoa, leloa eta urtean zehar izango diran ekitaldien barri, urteurrenerako antolatuko diranei buruzko informazinoa oraintsu abiarazotako webgune barrian izango da, www.albe.eus helbidean. Joseba Santxok amaierea jarri deutso aurkezpen-ekitaldiari urteurrenari buruzko bertso bat kantetan.
Bertsozaletasuna
Gaur egun 100 bat lagun (gazteak eta persona nagusiak) joaten dira astero eskolara eta inguruko ikastoletan 60 bat ume dabilz eskolaz kanpoko bertso-eskolan; horri gehitu behar jakoz udalerriko ikastetxeetan eta institutuetan bertsolaritza eta ahozkotasun-eskolak jasoten dituen 700 bat gazte, eta antolatutako saio tradizional eta barritzaile ugari.