Barikuan, urtarrilaren 30ean, Euskaltzaindiak osoko bilkurea egin eban Bilbon, Akademiaren egoitzan, Peli Martin, Jose Antonio Retolaza eta Xabier Aranburu omentzeko. Manu Ruiz Urrestarazu, Luis Baraiazarra eta Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak leidu zituen hilbarri-txostenak.
Peli Martin (1923-2013) euskaltzain urgazlea izan zan, eta Ruiz Urrestarazuren esanetan, pertsona sentiberea zan, eta bere uriko eta herriko kulturareaganako grinea gaztetatik sentidu eban. Txistularia izan zan, eta 15 urtez, 1948tik 1963ra, Arabako Aldundi Foralean miñoi-txistulari jardun eban. Hor egoan bitartean, Arabako Miñoien historia idatzi eban, baina 1988. urtera arte ez zan argitaratu. Musikazalea zan, eta Araba Abesbatzaren sortzaileetakoa.
Andoni Urrestarazu Mendizabal Umandi izan eban irakasle, eta urte batzuk geroago, Peli Marin bera izan zan euskera irakaslea. Ruiz Urrestarazuk esan eban lez, 1960ko hamarkada, batez be hamarkada horren bigarren erdia, garrantzi handikoa izan zan Peliren bizitzan. Euskerea plazara jalgitzen ebilen orduan eta harentzako etorkizun hobea ikusten dogu euskaltzale gehienok. Araban be etorkizunak euskaldunago dirudi. Izan be, Arabako herri askotan euskeraz eta euskerearen aldeko ekintzak antolatu ziran. Olabide Ikastola be urte hareetan sortu zan eta bultzatzaileen artean Peli dabil. 1969ko zemendian, Euskaltzaindiak Peli Martin Latorre euskaltzain urgazle izentau eban.
1979tik 1987ra bitartean, Arabako Kultura diputadua izan zan. Artxibo Probintziala eta Museoak sustatu zituan, eta Arte Eszenikoen Eskolea bultzatu. 1988an hartu eban erretiroa, baina ez lozorrotan gelditzeko, amaitu barik eukazan obrak osotzeko eta argira aterateko baino.
Jose Antonio Retolaza (1929-2014) ohorezko euskaltzainaren bizimodua eta lana laburtzea ez da erraza, Luis Baraiazarrak autortu ebanez. Ez da erraz lerro gitxitan hain bizitza oparoa azaltzea. Izen-abizenen atzean Euskal Herriaz eta euskereaz maitemindutako, euskaltzaleok nekez ahaztuko dogun gizon bat dago. Gogoan dogu haren izaera fina, harremanetarako atsegina, leiala, besteena errespetetan eta bereari (gureari) tinko eusten ekiena. Gogoan dogu batez be ze ondo konpontzen zan ume eta gaztetxu euskaldunekaz. Eurekaz alkarlanean eregi nahi eban etorkizuneko gizarte barria, euskalduna, gure letretan jantzia, eskolatua.
Kili-kili personaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzailea izan zan Retolaza. Baraiazarrak esan ebanez, 'Kili-kili' personaiagan hustu eban berak eukan onena: Euskal Herri euskaldunaren asmoa; euskaldun abertzale baten mezu garbi eta zorrotza. Hor geratzen dira aldizkaria bera, era askotako liburuxkak… Hor geratzen da batez be, agirian ikusten ez dana: orduko umeengan, gaur egun gizon eta emakume gazteak diranengan, oparo erein eban herrigintzako eta euskalgintzako hazia.
Persona eta berak sorturiko pertsonaia bat eginik geratu ziran betiko; horregaitik, 'Kili-kili eta biok' dau izenburu egilea hil ondoren argitaratu dan lan autobiografiko bikainak, ekarri eban gogora Baraiazarrak. Retolazaren bizitzearen bestelako kontuak be izan zituan berbagai: gerra sasoiko gomurak, Seminarioko bizimodua, Arrazolan abade ibili zaneko sasoia, Madrilera Psikopedagogia ikastera joan zanekoa eta abar.
Baraizarrak nabarmendu eban Arrazolan izan zala Euskal Herrian, eta munduan, egin zan lehenengo mezea euskeraz. Kristau Dotrinaz batera euskeraz alfabetetan eta euskal kontzientzia sortzen ahalegindu nintzan, idatzi eban Retolazak berak. Moltso harrigarria da, asko da, itxi deuskuna, baina ziur asko gehiago izango da asmoen, amesen, desiren bizkar-zorroan eginkizun geratu jakona. Hori izango da, beharbada, ekintzaile handi eta idealista fin guztien zoria, amaitu eban Baraizarrak.
Xabier Aranburu (1931-2014) euskaltzain urgazlea izan zan. Joxe Mari Iriondok bere txostenean haren bizitzearen joan-etorrien kontu emotegaz batera, bere izaeraren ezaugarriak eta egindako hainbat kultur-lan azpimarratu zituan. Kazetaria zan eta Donostiako La Voz de España egunkarian egin eban lan. Iriondok esan ebanez, danetarik egin eban: nazinoarteko saila zaindu, egunkariak herrietan zituan korresponsalen kronikak batu eta txukundu, kultura sailerako jasoten zituanak bateratu… Euskal gizartea eta kulturaz egunero zutabe bat idatzi nahi ebala eskatu eutsan behin zuzendariari, eta harek: 'Baina nahiko gai izango dozuz gero eguneroko zure zutabe hori beteteko?'. Ez eban asko ezagutzen.