Ester Martinen 'Nånting måste gå sönder' eta Pilar Monsellen 'África 815', Zinegoak jaialdiko irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 2a, 00:00

Domeka iluntzean amaitu zan Zinegoak Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen nazinoarteko jaialdia. BBK Salan egin eben sari-emotea eta amaiera ekitaldia. 12. edizino honetan emakume bik irabazi ditue sari nagusiak lehenengoz, Ester Martinek, Fikzinozko film luzerik onenari saria; eta, Pilar Monsellek, Film dokumental luze onena.

Epaimahaiaren arabera, kontrapuntuz betetako proposamen erradikala aurkeztu dau Ester Martinek. Andreas eta Sebastianen harremana kontetan dau pelikuleak. Maitasunaren mozkorrean sartunda, udan hutsik gelditzen dan uria bere egingo dabe:  7-Eleven dendan lapurretak, jantzak teilatuetan, legez kanpoko bainuak, gau euforikoak. Baina Andreasi kostau egiten jako Sebastian androginoa maite dauala onartzea. Pilar Monselleren África 815 dokumentalak aitak 1964an Saharan egindako soldadiska sasoia dau abiapuntu. Dokumentaletan, epaimahaiak Pavel Lopareven eta Askold Kuroven DETI 404 lanari aipamen berezia egin deutsie.

Fikzinozko edo dokumental film laburrik onena Christian Dekerren eta Oda Lamberchten Die Schwulenheiler izan da, eta Pelikula esperimentalik onena, Antony Hicklingen One Deep Breath.

Film laburrei jagokienez, epaimahaiak Mathieu Volperen Il segreto del serpente nabarmendu dau, eta aipamen bana egin deutsie Daniel Moshelen Metube: August sings Carmen Habanera eta Ntare Guma Mbaho Mwineren Kuhani beharrei.

Lesbianismo eta genero saria Ang Huling Cha-Cha Ni Anita pelikulearentzat izan da, Sigrid Andrea Bernardo zuzendariarena. Poztasunez eta naturaltasunez kontetan dan istorioa dala azpimarratu dabe epaimahaikideek, oso gitxitan lantzen dan lesbianen umezarioaz jarduten dau: neska baten desio lesbikoaren adierazpenaz, bere sexu-dimensino osoa baruan hartuta, tabu barik. Elisa Amorousoren Fuoristrada filmak be aipamen berezia izan dau.

DETI 404 lanak jaso dau Aniztasuna eta giza eskubideen saria, eta Hegoak saria Pepper lanak, Mark Cleary eta Craig Robert Youngenak.

Palmaresaren barri emon ostean, Fernando Díez produktore bilbotarrak Ohorezko Sari Berezia hartu eban, eta  Marilyn Solayaren Vestido de novia lana estreinau zan, saridunak berak produzidutakoa.

Eta gaur, hilak 2, lan  irabazleak proiektauko dira Bilborocken: 18:00etan Pepper eta Nånting måste gå sönder, eta 20:00etan, Ang Huling Cha-Cha Ni Anita eta Die Schwulenheiler.

Beste urte batzuetan lez, Hedapenak sailaren bidez, Zinegoaken ikusitako lanetako batzuk hainbat herritan eskainiko ditue. Lehenengo hitzordua hilaren 4an izango da, Hernaniko Biteri kultur etxean. Hedapenak zikloaren egitarau osoa, hemen.

Osorik irakurri