Hizkuntza aniztasuna, Europako Parlamentuan protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 4a, 00:00

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria Europako Parlamentuaren aurrean aurkezteko ekitaldia zarratuko dau bihar, zezeilak 5, Bruselan. Eusko Jaurlaritzea eskubide osoko kide dan NPLD sareak (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea) osoturiko dokumentua da Bide Orri hau. Ekitaldian, Baztarrikagaz batera parte-hartzaile izango dira, NPLD sareko zuzendari nagusia, Meirion Jones galestarra, eta presidentea, Jannewietske de Vries, Frisia Probintzia Autonomokoa (Herbehereak), bai eta Gaeltacht deituriko auziez (irlanderea berba egiten dan eremua) arduratzen dan ministro irlandarra be, Joe McHugh. Eusko Jaurlaritzeak oso modu aktiboan eta lehen lerroan hartu dau parte Bide Orria atontzeko prozesuan, bai zirriborroak idazterakoan, bai eta zuzenketen prozesuetan be.

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak hainbat ekintza eta neurri proposatzen deutseez Europako erakundeei, ondoko helburuakaz: eleaniztasuna sustatzeko hizkuntza politikea; hizkuntza guztiek gizarte kohesinoan eta garapen personal nahiz ekonomikoan daben ezinbesteko funtzinoa autortzea; eta Europako hizkuntza guztien arteko alkarbizitza harmonikoa bultzatzea. Horretarako, bihar aurkeztuko dan Bide Orriak, besteak beste, honako ekintza honeek proponiduten deutseez Europako erakundeei:

- Estadu hizkuntzak ez izanda bere, Europako lurralderen batean ofizialak diran hizkuntzei Europako Batasunak ofizialtasuna autortu deiotsen sustatzea.

- Europako erakundeek hizkuntza europar guztien erabilerea bultzatu deien sustatzea.

- Hizkuntza eskubideak Europako Oinarrizko Eskubideen Kartan sartu daitezan bultzatzea.

- Europako Kontseiluagaz harreman estuan lan egitea, Hizkuntza Gitxituen Europako Itunaren betetea zabaltzeko, EBko Estadu kide guztiek itun hori sinatzen edo berresten dabela ziurtatuz.

Ekonomia oparoak eta gizarte kohesinoa Europako Batasunak hizkuntza aniztasuna sustatzeko hartu beharko leuken konpromisoa berresten dau Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak, hizkuntzak ondasun komun lez ulertuta. Gainera, Bide Orriak hizkuntza aniztasuna ekonomia oparoagaz eta gizarte kohesionatuagaz buztartzen dau zuzen zuzenean. Horregatik, beharrezko joten dau Europako erakundeek hizkuntza politika komun proaktiboagoa hartzea, hizkuntza aniztasunaren sustapenean oinarritua. Egoerarik ahulenean dagozan hizkuntzen bizibarritzea eta normalizazinoa bere egingo dauen eleaniztasun orekatua hartzen dau helburuen artean Bide Orriak. Beste helburu bat: hizkuntzen arteko, eta batez be horreen hiztunen arteko alkarbizitza egokia garatzea.

Era berean, hizkuntzak eta Europako herritarren hizkuntza gaitasuna garapen ekonomikoaren, garapen kulturalaren eta hezkuntza garapenaren eragile lez be ulertzen ditu Bide Orriak. Beraz, Europako Batasunari honako hau be eskatzen deutso:

- Hizkuntza guztiak lekuko, eskualdeetako nahiz nazinoarteko ekonomien hazkunderako, lehiakortasunerako eta enplegu sorrerarako estrategia europarrean sartzea.

- Eremu sozioekonomikoan Europako hizkuntza guztien erabilerea bultzatzea, konsumo arloa barne hartuta.


Lehen pausuak: 2013ko apirila


Bide Orriaren prestaketa prozesua 2013ko apirilean hasi zan, Irlandak Bruselan dauen Enbaxadan egindako ekitaldi batean. Europako hizkuntzen egoerea izan zan aztergai. Ekitaldi horren ondoren, Europako hizkuntzek dituen erronka nagusiak nabarmentzen zituan lehen zirriborroa osotu zan, arreta berezia ipiniz eskualde hizkuntzetan, hizkuntza gitxituetan edo galbidean diranetan.

2013ko irailaren 11n, Europako Parlamentuak Alfonsi Txostena onartu eban (Galzorian diran Europako hizkuntzak eta hizkuntza aniztasuna Europako Batasunean ebazpena), botoen % 92 alde zirala. Bide Orria ebazpen horrek jasoten dituan gomendioetan oinarritzen da.

Bihar Bruselan aurkeztuko dan dokumentua konsultarako fasean sartuko da, behin betiko aktibazinoa 2015eko urrian egiteko.

Osorik irakurri