Euskal kulturgintzea babesteko preminazko neurrien zerrendea aurkeztu dau GEUK plataformeak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 9a, 00:00

Orain dala urtebete eragile eta norbanako ugarik hasitako gogoeta prozesuaren emoitzea dira proposamen horretako 32 neurriak. Eskari zehatzak dira, hausnarketa sakonaren ostean adostutakoak, baina bultzatzaileek nabarmendu dabe, ekarpenak jasoteko prest dagozala eta erakunde publikoen eta gizartearen parte-hartzea gura leukiela. Izan be, Euskal Herriko kulturgintzea momentu larrian ikusten dabe eta egoerea danen artean bideratzeko beharra dagoala uste dabe.

Esparru askotako alkarteek bat egin dabe Premiazko Neurrien Egitasmoa izeneko dokumentua preparetako prozesuan. ADE, Ahotsenea, Euskal Aktoreen Batasuna, MIE, Cultura Abierta, Kultura Live eta Karraskan dira GEUK plataformearen bultzatzaile nagusiak, eta gogoeta prozesuan eta batzarretan beste persona askok be parte hartu dabe. Danon artean, egoerea hobetzeko urtenbidea bilatu geinkela uste dogu, azpimarratu dau Ixiar Garciak. Durangon egin eben lehenengo topaketea igazko zezeilean eta, bagilean, bigarrenez alkartu ziran. Harrezkero, astero edo aste birik behin batzarrak egin ditue. Idea guztiak batuta, 32 eskari zehatz batzen dituan dokumentua adostu eta gizarteratu dabe.

Kulturgintzeak babesa falta dauela uste dabe egitasmoaren bultzatzaileek. Dokumentuaren 32 puntuetan, kultureari eta sorkuntzeari babes handiagoa emoteko bideak jorratzen dira, lege aldetik nahiz erakunde publikoen zereginaren aldetik. Sei ataletan banatu ditue proposamenak: Babes juridikoa, babes ekonomikoa, sorkuntzearen babesa, produkzino eta zerbitzuen babesa, artikulazinoa eta ikusgarritasuna. Neurri guztien azalpena eta egitasmoari atxikimendua emon deutsienen zerrendea webgune honetan ipini ditue: www.gukgeurekulturaz.com.

Euskal Herrian, 5.000 enpresa eta 10.000 alkarte inguru dabilz kulturgintzan. 20.000 behargin eta 30.000 boluntario baino gehiago dagoz guztira. Ekosistema konplexu horren bakotasunak, beharrak eta erronkak identifikau eta preminazko neurriak zeintzuk diran erabagi dabe. Kultura oso modu diferentean lantzen dogunon arteko lana da hau, dino Gotzon Barandiaran Ahotseneako ordezkari eta egitasmoaren bultzatzaileak. Ekarpena egin nahi izan dogu, ez gagoz inoren kontra, zehaztu dau. Izan be, preminazko neurrien dokumentua ganerako eragileakaz eztabaidatu nahi leukie, baita erakunde publikoakaz be. Ekarpen gehiago hartzeko prest gagoz, azaldu dau Baradiaranek, danon artean egin behar dogu aurrera, erakunde publikoakaz batera, hareek be kultur eragileak diralako, oso garrantzitsuak ganera. Halandabe, erakunde publikoek kulturgintzeagaz daukien harremana aldatu gura dabe, erakundeek batzuetan uste dabe eurak dirala eragile bakarrak, eurek agindu eta besteek betetea nahi dabe, eskema hori aldatu nahi dogu, danon parte-hartzea bultzatu.

GEUK plataformakoen ustez, foro zabal bat behar da, preminazko neurri honeek eztabaidatzeko. 32 puntuak edegiak dira, eztabaidara atara nahi ditue. Jakin nahi geunke beste eragileek daben jarrerea, ze idea eta proposamen dituen, esan dau Barandiaranek. Erakunde publikoei helarazoko deutsie dokumentua, jarrera aldaketa bat nahi geunke, udal txikienetik hasita. Eguaztenean, Euskal Kulturearen Batzordeak batzarra dauka eta Premiazko Neurrien Egitasmoa han egotea nahi dabe.

Osorik irakurri