Basque Culinary Centerrek, Ikastolen Elkarteak eta Eroskik sukaldaritza osasungarria sustatzeko martxan ipinitako Sukaldatu proiektua Bilboko Abusu ikastolara heldu barri da. Martitzenetik barikura bitartean 80 ikaslek hartuko dabe parte ekimenean. Familiarteko sukaldaritzea eta elikadura osasungarria bultzatzea dira programearen helburu nagusiak.
Aurten, 16 ikastoletako 10 eta 14 urte bitarteko 1.280 neska-mutilek eta 320 gurasok parte hartuko dabe Sukaldatu-n. Proiektuaren abiapuntua ondoko gogoeta hau da: alkarregaz kozinetea eta jatea funtsezkoa da familian eta heziketan, batez be ikasleentzat.
Sukaldatu proiektuaren helburua be bada sukaldaritzearen eginkizunari alor batzuetan balorea emotea, hain zuzen be, osasunean, familiarteko harremanetan eta lekuko aberastasunean, bertako produktuak erabiliz.
Osasunari lotutako jarraibideak sartzea eguneko otorduak antolatzean oso garrantzitsua dala uste dabe ekimenaren arduradunek. Produktu freskoak erabiltea eta sukaldaritzeari denpora eskaintzea be sano garrantzitsuak dira. Jatea, eta hori baino lehen, kozinetea, funtsezkoa da familiaren kohesinoa eta herrialde baten kultura soziala indartzeko.
Gaur egun, umeen %26k gehiegizko pisua dauka, eta %19k obesidadea daukie. Horregaitik, sukaldari batzuek elikadura eta nutrizinoa eskolako irakasgaia izatea aldarrikatu dabe, orain dala gitxi, umeei osasuntsu jaten erakusteko.
Sukaldatu proiektuak hiru ardatz ditu, ikastolea, familia eta denda edo supermerkatua. Alde batetik, familiartean kozinau eta jateak osasunean dauen garrantziaz konturatuarazo nahi da, eta beste alde batetik, sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak ezagutarazo: kozinatuz gozetea, elikagai freskoak aukeratzea, produktu industrializau gitxi jatea eta suetean alkarregaz jarduteko denporea emotea, hain zuzen be.
Abusuko ikasleek, lau goizetan banatutako lantegian, nutrizino jarraibideak, elikatzeko ohitura osasungarriak, tokiko eta sasoiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko argibideak ikasiko ditue. Ganera, neska-mutilak erosketak egitera joango dira irakasleekaz; ostean, lantegian otordua preparauko dabe; eta amaitzeko, kozinetako erabilitako lekua garbitu egingo dabe. Kozinautako jatekoa alkarregaz jango dabe, amaieran. Gurasoekaz egin beharreko saioak Basque Culinary Centerreko irakasle batek zuzenduko ditu.
Ondoko ikastetxeek hartuko dabe parte programan: Haurtzaro (Oiartzun), Ikasberri (Azpeitia), Andra Mari (Zornotza, Orereta (Errenteria), Zubimusu (Villabona), Irura-Anoeta, Abusu (Bilbo), Txantxiku (Oñati), Armentia (Gasteiz), R. M. Azkue (Lekeitio), Laudio, Larramendi (Mungia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Aita Larramendi (Andoain).