Hendaian hasiko da gaur arrastian 'Bertso Korrika' zirkuitua

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 11a, 00:00

Gaur hasi eta martiaren 28a bitartean, hogeita hamar herritan Korrika girotzeko hainbat bertso-saio antolatu ditue Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak. Bertso Korrikaekimenaren helburua nagusia da ikasleak bertsolaritzara hurreratzea. Hendaiako Bakar Xoko ostatuan abiatuko dabe aurtengo zirkuitua, 18:30ean, Odei Barroso, Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia bertsolariek, Aitziber Zapirain gai-jartzaileak gidatuta. Zezeilean beste bertso-saio bi egingo ditue: bata, hilaren 25ean, Ordizian, eta bestea, 27an, Larraulen.

Bertso Korrika egitarauaren barruan, Bideo-kopla lehiaketea eta Bertsolaritzaren Sekretuak. Ixilduriko emakumeen historia ikuskizuna be eskainiko ditue. Bideo-kopla lehiaketearen bidez, antolatzaileek bertsolaritzeak euskera praktiketako eskaintzen dituan aukerak erakutsi gura ditue.

Euskalduntzean dabilzan erakunde guztietako, euskaltegi zein praktika egitasmoetako talde guztiei zabalik dago bideo-kopla lehiaketea. Helduen euskalduntzea dabe koplek egiteko gaia, eta horregaz sei koplaz osotutako bertsoaldia idatzi eta bideoz grabau behar dabe. Bideoak martiaren 9a baino lehenago bialdu behar dira ondoko helbidera: korrika.aek@gmail.com. Martiaren 15ean jakinarazoko dabe saritua nor dan. Bertsozale Elkarteko kideek egingo dabe epaile lana. Irabazten dauen taldeak bertsolari bigaz sagardotegi batean afari edo bazkari bat irabaziko dau.

Korrika Kulturalaren barruan, Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia ikuskizuna eskainiko da hainbat herritan. Historiak sekretuan gorde ditu mendeetan izan diran emakume bertsolariak. Emakume honeen lana gaur egunera ailegetako zailtasun asko izan badira be, euron bertsoak erre, gorde eta isildu dira eta,  batzuk berreskuratu dira, dinoe antolatzaileek.

Emakume bertsolarien ikurra izan zan Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, Xenpelar zanaren lobea. Ha ahaztuta dagoan lez, beste emakume bertsolari askogaz be bardin. Ikuskizunean emakume hareek bizi izandako egoerak erakutsiko ditue, denporan eta espazioan atzera eta aurrera eginez, eta narrazinoz, bertsoz eta musikaz lagunduta.

Bertsolaritzaren sekretuaken lehenengo emonaldiak dira: zezeilaren 22an, Hernaniko Biteri Kultur etxean; hilaren 26an, Iruñeko Antzerki Eskolan; martiaren 7an, Mungiako Olalde aretoan; martiaren 8an, Elizondoko Arizkunenea aretoan; eta, martiaren 14an, Eskoriatzan.

Osorik irakurri