Neguko bidaia munduko uribururik kutsatuenera

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 11a, 00:00

Mongolia. Estepa amaibakoak, zeru urdinak, piztiak libre eta aspaldiko ohiturei eustea dira ezaugarri. Lurraldearen azalerea Frantziakoa baino hiru aldiz handiagoa da baina Madrilen baino jente gitxiago bizi da. Gengis Kanen herrialdea munduko biztanle-densidade txikiena dauena da eta esan beharrik  ez dago, lekutan dagoala. Hori gitxi ez eta hiru miloe mongoliarretatik erdiak edo planetako airerik kutsatuena arnasten dabe neguan. Ulán Bator uriburuaren inguruan pilatzen dira, globalizazinoaren erritmo bildurgarriari eta meatzaritzan gehiegi oinarritutako ekonomiari esker hazten dan uriburuan. Sarritan gauzatzen ez diran lan aukerek erakarrita, 30.000 eta 40.000 nomada inguruk mobimentu gitxiko bizimodu sedentarioa erabagiten dabe konstituzinoak autortzen deutsien lurzati baterako eskubidearen jaube egin eta uriburuaren babesean euren yurta eta guzti ezartzeko.

Ulán Bator planetako uribururik hotzena da eta tenperatura gogorrei aurre egiteko estepan egiten eben moduan, egurra eta ikatza erretan dabe berogailu zahar-zaharretan. Izan be, gauean zeropeko 40 graduko tenperaturak izan daitekez eta zentral termiko erraldoiak eten barik dagoz martxan eta ezelako muga edo neurririk barik atmosferara bialtzen dituen gas kutsakorrek laino baltza eragiten dabe. Horrezaz gan, eguna argitu orduko bide azpiegitura desegokiak ibilgailuz betetan dira eta pilaketak ez dira baretzen egun osoan. 

Zoritxarrez, hiru faktore sozioekonomiko horreen buztarketeak ondorio dramatikoak dakarz: 2013. urtean, OME, Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazo eban Pekin eta New Delhiren aurretik, neguan uribururik kutsatuena dan Ulan Batorren izandako heriotzetan, % 10 inguru kutsadureagaz lotuta egozala. 2004 eta 2008 bitartean, arnasketa-gaixotasunak % 45 hazi ziran eta Munduko Bankuaren arabera, urtean 300 miloe euroko gastu gehigarria eragiten dabe. Eta egoereak ez dau hobera egiten.

Goizeko 8:30ean, eguzkia zerumugan agertzen da baina haren siluetea apenas atzemon daiteke Ulan Bator inguratzen dauen geruza gris potoloagaz.

Gorputza hozminduta atzera eta aurrera dabilzan oinezkoek iges-hodietatik kanporatutako gasak arnasten ditue. Yurtaz eta egurrezko eraikuntza txikiz jositako mendialdetik ikusita, herrialdearen berpizkunde ekonomikoa islatzen daben etxe orratzak zerumuga zurizkearen kontra agiri diran espektro-itzalak baino ez dira. Airean usain garratza dago eta osasunerako kaltegarrienak diran 2,5 mikra baino gitxiagoko partikulen indizea 500dik gorakoa da airearen metro kubiko bakotxeko, OMEk gomendautako gehienezko indizea baino 25 aldiz handiagoa. Dana dala, igaz uriburura etortea erabagi eban Bayarshaikhanen etxe mobikorraren barruan epel dago eta airea, barriz, arnasteko modukoa da.

Haren familiak ez dau estepatik ekarritako berogailu-suete zaharra erabilten Gobernuak diruz lagunduta erositako barria baino. Erangigarriagoa da eta jario kaltegarriak geldiarazoteko filtroa dauka. Ekinbide interesgarria da bai guretzat eta bai ganerako herritarrentzat be, izan be, ume eta edadekoek gehienbat arnasketa-arazo larriak izaten ditue adierazo dau mekanikari lanak hartu dituan ganaduzaleak. Hasieran egin behar dogun inbersinoa nahiko azkar berreskuratzen dogu eta berogailu aldaketeari esker, Gobernuak merkeago eskaintzen deusku argindarra. Ganera, lehen neguan egunero boltsa bi ikatz erretan genduzan eta orain, barriz, bakarra. Herritarren % 60 inguru yurtaz betetako bazter auzoetan bizi dira eta gero eta gehiago dira berogailu zaharrak baztertu eta ekologikoagoak erosten dituenak. Gobernuaren prebisinoen arabera, aitatu berogailuen jarioak erdira murriztuko balira, partikula kutsagarriak be heren bat gitxituko litzatekez. Baina Mongoliako agintariek badakie hori ez dala nahikoa.

Kontuak kontu, azken aldion Mongoliako uriburuan asko ugaldu dira ibilgailu hibridoak, batez be, Toyota markako Prius modeloaren bersino diferenteak. Konsumo txikiagokoak dira eta matrikulazino zergan deskontua egiten deuskuenez, askoz merkeagoak dira guretzako adierazo dau Anar Chack gazteak, Ulan Batorreko ingurumen egoereagaz sano arduratuta dagoan gazte ekintzaileak. Prius kotxeen eskaria handia da eta oraintxe kaleetan dagozan ibilgailu guztien % 30 inguru izango dira modelo horretakoak. Edozein aparkalekutan eta bigarren eskuko merkatuan begiratzen badogu Japoniatik ekarritako Toyota horreek dirala gehiengoa ikusiko dogu nahiz eta Mongoliako errepideetan ibilteko ibilgailu lar egokiak ez izan.

Halan da be, orain urte batzuetako bizigarritasuna berreskuratzeko txikikeriak baztertu eta Ulan Batorren nahitaezkoak dira erabagi potoloak.

Horregaitik, 2013an, uriko master planean 2030. urtera arteko 25.000 miloe euroko inbersinoak aurreikusi zituen, besteak beste, 10 barruti barri, hiru uri satelite eta metro eta tranbia sarea sortzeko. Asmoa yurtatan bizi diranen kopurua murriztea eta apartamentuetan biziko diranen portzentajea % 70era igotea da, apartamentu horreen eraikuntzeak be kutsadurea eragiten dauen arren. Dana dala, meatzaritzearen indarra apaltzen doa eta uriburuko alkateorde Ochirbat Sorogjook autortu egin eban Financial Timeserako alkarrizketa batean zergen ondorioz diru-sarrerak gitxitzea mehatxu larria izango dala handigurako proiekturako. Onartu behar da gaur egungo baldintza ekonomikoek ez dabela mesederik egiten, izan be, geldotu egiten dabe gers auzoen garapenerako proiektua adierazo dau.

Beste batzuen bildurra da Ulan Batorreko nahitaezko urigintza barrikuntzearen arazoa ekonomikoa baino gehiago soziala dala. Gersetan bizi diran askok arazo larriak ditue uriko bizimoduan sartzeko. Libre, ezelako muga barik, atzera eta aurrera yurta aldean bizi izan dan jentea da. Gehienek apartamentua erosi gura badabe be, helburua lortu arren, etxebizitza zaharraren faltea hartzen dabe azaldu dau O Oyumaak, gers auzoen garapen ekonomikoa errazteko Munduko Bankuak eregitako 18 haurtzaindegien ardurea dauen zuzendariak. Ganera, langabeziak be kalte handia egin dau aitatu bazter auzoetan eta gizarte mailako gorabeherak gero eta deigarriagoak dira. Oraingoz, gauza jakina da neguak hotzak eta grisak izango dirala. Presino demografikoak eta baliabide falteak mongoliarren esentziaren kontrako jarrerea indartu dau. Estepan, naturatik hur bizi gura geunke baina hezkuntza ona eta lan duina topetako aukerak urian baino ez dagoz dino Baaskak, japonierea ikasten dagoan gazteak. Herrialdeko beste leku batzuetan aukerak sortzen badira, orduantxe konponduko dira Ulan batorreko arazoak, ze kasu horretan gazteok beste leku batzuetara joango gara esan dau.

Osorik irakurri