Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua agertu da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ots. 16a, 00:00

Esteve Materrak 1617an argitaraturiko Doctrina Christiana galduta egon da azken mendeetan eta erabat ezezaguna zan. Aziti Bihia alkarteak ale bat topau dau eta UPV/EHUko Letren Fakultadean, Gasteizen, aurkeztu dau gaur: dagoeneko, argitaratzeko edizinoa atontzen dabilz, argitaratzeko asmoz.

Esteve Materrak idatzitako Doctrina Christianak 1617an ikusi eban argia, Bordelen. Holan emon jakon hasierea euskal obra klasiko garrantzitsuenetan –besteak beste, Pedro Axular urdazubiarraren Geron– erabiliko zan euskalki literarioari (lapurtera klasikoa), mende zenbait beranduago euskera baturako eredu izango zan horri.

Lapurtera klasikoaren opera prima hau euskeraz inprimidutako lehen liburuetakoa be bada, haren aurretik ondokoak besterik ez doguz: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), Leizarragaren Testamentu Berria, Kalendrera eta ABCa (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), Refranes y Sentencias errefrau bildumea (1596) eta Elsoren dotrina. Materrarenak harrera bikaina izan eban eta frankotan berrargitaratu eben, aldaketa sakonakaz, ondorengo hamarkadetan. Edozelan be, zeharkako aitamenen bidez lehen edizinoa 1617koa zala jakin arren, haren eduki eta etxurea erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat: Manuel Larramendik XVIII. mendean lehena ez beste edizino bat izan ebaneskuartean, Julien Vinsonek XIX. mende akabuan argitaratu eban euskal klasikoen bibliografiak dagoeneko galdutzat zituan lehen edizinoaren ale guztiak, eta garai modernoagoetan Materraren obrearen inguruan egindako ikerketa guztien oinarria Oxforden gordeten dan 1623ko bigarren edizino moldatuaren eta zabalduaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizino modernoak izan dira.


Esteve Materra: euskaraz ikasi eban fraide kanpotarra

Ezer gitxi dakigu gehienetan Materre abizen frantsestuaz aitatua izan dan idazle frantziskotarraren bizitzeari buruz. Kontrarreformearen momentu gorenean eta Inkisizinoaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira bialdu eben, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz, eta Ipar Euskal Herrian emon zituan urte gitxietan, Saran, euskeraz ikasi eban zinez erritmo bizian, dotrina euskera bikainean eta ziztu batean idazteraino.


Aziti Bihia: hilabeteak Materrarekin lanean

Aziti Bihia alkartea UPV/EHUko Letren Fakultadean doktoretza tesia prestetan dabilzan hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu eben orain urte bi. Alkarteko kide Borja Ariztimuñok, Udane Atutxak, Dorota Krajewskak, Urtzi Reguerok, Ekaitz Santaziliak, Oxel Uribe-Etxebarriak eta Eneko Zuloagak osotzen dabe proiektuan lanean dabilen taldea. Proiektuak UPV/EHUko bi ikerketa talderen laguntzinoa jaso dau: Joseba A. Lakarrak zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum eta Joaquín Gorrochateguiren gidaritzapeko Euskerearen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua ikerketa taldeena. Gazteok orain hile batzuk hasi ziran Dotrina Christianaren 1623ko bigarren edizino kritikoa atontzen. Ikerketa prozesuan, besteak beste, Oxfordeko Bodleian Libraryn dagoan ale original bakarra konsultau behar izan dabe, baita beste zenbait bibliotekatan sakabanatuta dagozan edizinoen kopiak be.

Dorota Krajewska taldekideak topau eban, bigarren edizioan lanean ebilela, Danimarkako Errege Bibliotekan 1617ko lehen edizinoaren ale bat. Dagoeneko nahikoa aurreratuta dabe testuaren finkatze lana, ikerketea eta ondorengo edizinoakazko konparaketea; gainera, orain arte Euskal Filologiaren alorrean bizirik egon diran hainbat zalantza eta eztabaida argitu ahal izateko datu baliogarriak lortu ditue. Horreetako batzuk gaurUPV/EHUko Letren Fakultadean egindako aurkezpenean argitu ditue, eta horregaz batera, webgune bat be abiarazo dabe, besteak beste, testuen transkripzinoak, oharrak eta orain arte egindako ikerketa guztia batzen dituana, topau barri daben obrearen faksimileaz gan: Materra: edizinoa eta azterketea.

Osorik irakurri